Ohar bateratua atera dute Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartu dituen azken erabakien berri emanaz. 40 urte beteko ditu IRALEk irakasleak euskalduntzen eta urtean 700 bat irakaslek jasotzen dute bertako formazioa. Baina adierazi dutenez, Hezkuntza Sailaren erabakien ondorioz 84 langiletik 28 "zerbitzutik kanporatuko dituzte eta horri aurreikusitako jubilazio mordoa gehitu behar zaio". 35 urte daramatzate, berriz, Euskal Girotze Barnetegiek, "gunerik erdaldunenetan bizi diren ikasleei lau egunez euskaraz bizitzeko aukera eskainiz". COVID-19a dela eta hurrengo ikasturtean programari eusteko hainbat proposamen egin dizkiote Hezkuntza Sailari baina ez dute erantzunik jaso eta programa bera ikusten dute zalantzan.
"Datorren ikasturtean, formakuntzarako eskubidea kendu die Sailak irakasle horiei guztiei", salatu dute IRALEko langileek. Oharrean jakinarazi dute Hezkuntza Sailak beste egiteko bat ezarri dio IRALEri hurrengo ikasturterako: Hamaika esku programako (zailtasun gehien dituzten ikasle portzentai handia biltzen duten ikastetxeak dira programa honetan parte hartzen dutenak) 50 ikastetxe baino gehiagotan esku-hartzeak egitea irakurmenean, ahozkotasunean eta materialen egokitasunean. "Erronka ederra! Iraleko irakasleak prest egon gara horri ere erantzuteko eta gure esperientzia egoera zaurgarrienean daudenen eskura jartzeko. Horregatik, ekainaren 18an plantillei eutsi egingo zitzaiela esan zigutenean, gogo onez hartu genuen albistea". Baina ekainaren 30ean okertu ziren langile hauentzat aurreikuspenak, hurrengo ikasturtea antolatzen hasiak zirenean: "Ekainaren 30ean ebazpena etorri zela diogu, inork ez baitzigun jakinarazi ebazpen horrek zekarrena. Webgunearen bidez jakin genuen aurrerantzean IRALEko bitarteko irakasleek ez dutela zerbitzuan jarraitzeko aukerarik izango. Ondorioz, irakastegi guztiak hankamotz geratuko dira eta batzuk, oso larri. 84 langiletatik 28 zerbitzutik kanporatuko dituzte eta horri aurreikusitako jubilazio mordoa gehitu behar zaio".
Barnetegiko langileek onartu dutenez, "COVID-19aren egoera honek denok harrapatu gaitu ezustean eta egoerara egokitu beharra izan dugu". Adierazi dutenez, osasun baldintzak betez programa egiteko proposamen zehatza landu dute: "Ikastetxeak eta ikasleak barnetegien programarik gabe geratu ez daitezen barnetegiko irakasle-taldea lanean aritu gara, programarekin nola jarraitu landu dugu, eta ikusi dugu txanda ikastetxeetan egitea dela irtenbide egingarriena eta bermekoa, eta gure ustetan oso emaitza onak eman ditzake". Beste proposamen batzuk ere helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari: "Ikasleak egun pasa etortzea barnetegietara, urtean zehar jarraipena egitea, teknologia berriak erabiliz eskola eta barnetegien arteko lotura indartzea…". Baina haien proposamenek "ez dute erantzunik izan". Langileek programa bera ikusten dute arriskuan.
IRALEko eta Euskal Girotze Barnetegietako langileek adierazi dutenez, "orain inoiz baino beharrezkoagoa da euskara indartzeko programak sendotzea eta euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten irakasleei laguntzea, askotan haiek baitira ikasleen euskara eredu bakarra". Konfinamenduaren ondorioz, ikasle askok martxotik irailera ez dutela euskaraz aritzeko "inolako aukerarik" izango oroitarazi dute, eta irakasle askok ere "askoz gutxiago" erabiliko dutela euskara hilabeteotan. Eta "jakina da hizkuntza bat erabili ezik, galdu egiten dela". Horregatik guztiagatik eskatzen diote Hezkuntza Sailari "atzera egin dezala hartutako azken erabakiekin, eta argi esan nahi diogu eskolak euskaldundu behar badu ezinbestekoa dela Euskara Zerbitzua indartsua izatea".
"EAEko ikastetxeen laguntza zerbitzu gisa" ikusten dute bere burua barnetegi hauetako langileek, eta gunerik erdaldunenetan bizi diren ikasleei lau egunez euskara hutsez bizitzeko aukera eskaintzea dute helburu, "baina baita hizkuntzen gaineko sentsibilizazio, jarrera, usteak, euskararekiko atxikimendua…" lantzea ere. "Oso harrera eta balorazio onak ditu EGB programak eta ikasleengan inoiz ahaztuko ez duten sentipenak uzten ditu egonaldiak".
Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzeko Programa da IRALE, eta egun urtean 700 bat irakaslek jasotzen dute bertan formazioa. Oharrean azaldu dutenez, "sorreran irakasleak euskalduntzea zen bere eginkizuna, hau da, EAEko irakasle multzo zabala erdaldun elebakar izatetik elebidun izatera pasatzen laguntzea. Azken bi hamarkadetan, berriz, beste ildo bat nagusitu zaio IRALEren eginbeharrari: ikasketarien hizkuntza-gaitasuna osatzea eta aberastea, euskara-maila hobetzea, Curriculumaren euskal dimentsioa lantzea, jardun didaktikoan hizkuntza konpetentzia jorratzea, euskarazko ikasmaterialgintza doitzea eta eskuragarri jartzea… Azken batean, irakas-sistema elebiduna osatzen duten irakasleei laguntza ematea behar hainbateko kalitatez jardun dezaten euskaraz, ahoz nahiz idatziz".