argia.eus
INPRIMATU
Euskara “zaila” dela esanez, langile batek hizkuntza eskakizuna ez betetzea justifikatu du epaile batek
  • Bitarteko funtzionario batek Laudioko Udaleko lanpostua galdu zuen 2020an, hirugarren hizkuntza eskakizuna behar zelako eta 2014an hasi zenetik soilik lehenengoa lortu zuelako. Bada, epaile batek ebatzi du berriz hartu beharko dutela langilea, eta udalari egotzi diote “sentsibilitaterik” ez izatea langilea kaleratzerakoan, euskara "munduko bosgarren hizkuntzarik zailena" izanik ez zutelako euskara ikasteko egin zuen “ahalegina” kontuan izan.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 01a
Epaileak Laudioko Udalari eskatu dio langilea berriz hartzeko. / Argazkia: Laudioko udaletxea, artxiboko irudian.

Gasteizko epaile batek euskararen “zailtasuna” argudiatu du langile batek hizkuntza eskakizuna bete ez izana justifikatzeko, Arabako Alea hedabideak jakitera eman duenez. Langilea Laudioko Udalean zegoen 2014tik, bitarteko funtzionario gisa, eta lanpostu horri 3. hizkuntza eskakizuna zegokion arren, soilik 1goa zuen gaindituta. Beraz, Laudioko Udalak kaleratu egin zuen 2020an, ez zituelako lanpostuko baldintzak betetzen, zortzi urte euskara ikasten eman ostean. Udalak epaileari argitu zion kontratua sinatzerakoan langileak bazekiela lanpostu hori galtzeko arriskua zuela, hirugarren hizkuntza eskakizuna bete ezean.

Baina epaileak langileari eman dio arrazoia; honela dio Aleak argitaratutako sententziak: “Badirudi Administrazioari ahaztu egin zaiola euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena dela (zerrenda batzuetan lehena ageri da). Hizkuntza horren zailtasun nagusia da ez duela inongo loturarik beste hizkuntzekin, zeren denboran zehar bilakaera isolatua izan du. Horri gehitzen zaio egituraren konplexutasuna: hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatzen da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean”.

Beraz, euskara zaila dela esanda, Laudioko Udalari egotzi dio “inolako sentsibilitaterik” ez izatea langilea kaleratzerakoan, ez zutelako "kontuan hartu" 1.295 ordu euskara ikasten pasatzearen “ahalegina” eta 1go eskakizuna gainditu izana. Udalaren “zigorra” izan zela argudiatu du epaileak, eta exijitu dio langilea berriro hartzeko. Aleak jakinarazi duenez helegitea aurkeztu du Laudioko Udalak.

Gainera, epaiak dio Europako Batasuneko 1999/70/CE direktibaren arabera “diskriminatzailea” dela funtzionario titularrei eta bitarteko funtzionarioei eskakizun desberdinak egitea, auzi honetan gertatu bezala. Izan ere, euskararen normalizaziorako 86/1997 dekretuak hizkuntza eskakizunak betetzeko beharra kentzen die 45 urtetik gorako funtzionario titularrei; ez, ordea, bitartekoei. Epailearen esanetan Europako legedia gailentzen da kasu honetan, eta, nahiz eta auzia irabazi duen langilea bitarteko funtzionarioa izan, ez du euskararen normalizaziorako legea bete beharrik.