Joseba Sarrionandiaren gogoeta hau ekarri dut artikulu honen izenburura, egun hauetan, Vascuencearen Legearen 29. urteurrena beteko baita. Eta 29 urtez, euskara Nafarroan, territorio librea izan da, euskaldunon ahaleginek libre egin baitute euskara, baina legerik gabeko askatasuna izan da gurea.
29 urte hauetan Nafarroako jendartea aldatu da, eta are gehiago, azken urte honetan, baita Gobernua aldatu ere. Orain, politika berriak egiteko garaia iritsi da. Lehen, euskara libre egin dugula aipatu dut; euskaldunok eta nafar euskaltzaleek egindako lanari eta izerdiari esker,
euskara libre ibiltzen da karriketan, ikastetxeetan, unibertsitatean, dendetan, etxean, udaletxetan eta Diputazioan. Muga gehiegi dituen libertatea da zoritxarrez. Eta legerik gabe, urruneko mendebaldean bezala, euskararen “far west”a da gurea. Politika berrien garai honek, Euskararentzat Lege propio bat ekarri beharko digu, ze bitartean, edozein sheriff ustelak, “wanted, dead or alive” jarriko du Euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidearen gainean.
Edonola ere, Euskara libre egiten zuten, genuen, bitartean, oztopoak faltan ez ditugu izan. 29 urteko harresi bat altxatu dute, nafarren eskubideak eta nahiak deuseztatu nahian. Erregimen erdaldun elebakarrak, lehenik, Euskara ezabatzea izan du helburu, eta gero,
Nafarroarekin zerikusirik ez duela konbentzitzen saiatu dira. Tira, horra hor beraien politika zaharraren zutoiak, baina lehen esan dugun bezala, politika berriaren garaia da, beraz, nik atorra berri.
Eta zeregin horretan, Vascuencearen Legearen harresiaren pitzaduretan kolpeka, bi hilabete barru, mugarri berri bat izanen dugu: eskoletako aurrematrikulazio garaia. D eredua eskainiko da Nafarroa osoko ikastetxe publikoetan, euskarazko irakaskuntza hautagai egonen da Kortesetik Berara, eta Azkoienetik Zangozaraino, Nafarroako Hezkuntza Departamenduko sare osoan. Harresia guztiz bota arte, badugu non kolpatu. Nafarroako bi hizkuntza ofizialak menperatzen eta kanpoko hizkuntza baten ezagutza ziurtatzen duen ereduaren zabalpenarekin batera, harresi horretan pitzadura gehiago sortuko ditugu, ziur gaude.
Azkenean harresia bota eta zarata gehiago ala gutxiagorekin, urteetako hizkuntz diskriminazioari akabera emango diogu. Ordurako, bestaldean dagoen Euskararen itsasoa ortzadarraren kolorez margotua egonez gero, harresia berriro altxatzea zailagoa suertatuko zaie Erregimen-elebakarraren jarraitzaileei. Kolore guzti horiek, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidearenak, Euskararen Lege propio batean biltzearen inguruan ari naiz: hezkuntza, administrazioa, hizkuntza-paisaia, erabilera, helduen alfabetatzea, aisialdia, kultura, merkataritza... Euskarak ofizialtasuna behar du, nafar euskaldun arrainok Euskararen itsasoa behar dugun antzera.
Bukatzeko, ezin dugu, azken egunetan Vascuencearen Legearen harresiari jarri nahi izan dioten azken harria eta alanbrada aipatu gabe, agurtu. Berriro Yolanda Barcinak Madrilgo telebista batean botatako hitzak gogoratu ahalko genituzke, edota 3 hizkuntza ikastea, 2 ikastea baino hobe dela, ere. Baina tira, Erregimen elebakarraren azken ahaleginak direlakoan gaude. Intoxikazioen eta manipulazioen gainetik, D ereduaren hautua
etorkizuneko hautua dela lau haizetara zabalduko dugu, orain ereiten dugun hazia da, gure txikien hezkuntzan sinisten dugulako. Eta Nafarroak, Euskararentzat, Lege propio bat behar duelako, euskara libre eta legezkoa izan dadin, Nafarroa osoan eta nafar ororentzat.
Vacuenceren legeak 29 urte betetzen ditu. 30 ezetz!
(Egilea Sortzen Elkarteko koordinatzailea da Nafarroan)