argia.eus
INPRIMATU
Euskara teknikaria duen Ipar Euskal Herriko laugarren herria izango da Urruña
  • Urruñako Herriko Etxeak euskara zerbitzua eta teknikaria izango ditu, Euskal Elkargoarekin adosturiko hitzarmenari esker. Ipar Euskal Herrian, Biarritz, Baiona eta Hendaia dira euskara teknikaria duten herri bakarrak, baina ekimen ugari sortu da, euskara zerbitzua herri gehiagotara zabaldu dadin.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 05a

Herriko kontseiluak aho batez baimena eman ostean, Euskal Elkargoarekin hitzarmena sinatu du Urruñako auzapez Filipe Aramendik, herrian euskara zerbitzua garatzeko. Elkargoak 30.000 euroko laguntza emango dio hiru urtean, eta horri esker euskara teknikaria kontratatu ahalko du Herriko Etxeak.

Kazeta.eus-en nabarmendu duenez, Ipar Euskal Herrian bost postu eta erdi daude euskara teknikari lanetan: hiru Biarritzen, bat eta erdi Baionan, eta beste bat Hendaian. Baina hedabideak gehitu du ekimen ugari garatzen ari direla Herriko Etxeak, egoera aldatzeko: esaterako, 49 herrik Hizkuntza Gutxituen Tokiko Xarta sinatu dute martxoaren 12an, eta Ziburun batzorde estra-munizipala sortu dute.