argia.eus
INPRIMATU
Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko erakundeek
  • Ana Ollok eta Bingen Zupiriak, hurrenez hurren Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak, eta Mathieu Bierge Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoko presidenteak hiru lurraldeetarako lankidetza-hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Iruñean.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 03a
Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak Iruñeko Nafarroako Jauregian. (Arg.: Eusko Jaurlaritza)

Nafarroa iragan martxotik aurrera ari da Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean eta itun honek bide horretan sakontzen du. Ana Olloren esanetan, "elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko". Bingen Zubiriak lankidetza oso era naturalean ikusten du eta "gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko" balioko duela uste du. Mathieu Bergék azpimarratu du “euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa” dela eta, europar finantzabideak eta EBtik egiten ari diren hizkuntza politikak elkar lana sustatzeko baliatu beharra aipatu du.

Hezkuntza, ikerketa eta sustapena ardatz

Dokumentuak ez du ekarriko inolako betebehar ekonomikorik, eta lankidetza teknikoko bost esparru ezartzen ditu. Helduendako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, irakasleen eta ikasleen mugikortasuna sustatutuko ditu. Ipar Euskal Herrian batzuetan izan daitezkeen  euskal irakasle gabeziak Hegoaldeko irakasleak joanda bideratu ahal izango dira, eta Ipar Euskal Herriko 20 irakasle ere Hegoaldera etorriko dira.

 Hiru lurraldeek hizkuntza-gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak ere prestatuko dituzte. Hirurek emandako tituluak ere baliagarriak izango dira hiru lurraldeetan. Eskola-esparrutik kanpo, neska-mutilendako aisialdi-jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko.

Hitzarmenak euskararen sustapena eta hizkuntzari buruzko hausnerketa eremuak ere biltzen ditu, eta egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako datuak ere bateratuko dituzte. Ekimen hauek finantzatze aldera, Europar Batasuna eta POCTEFA hizkuntza politikarako programen inguruan egin beharreko lana aipatu da.