argia.eus
INPRIMATU
Euskara salbatzeko hiztunen azalaren koloreak inporta du
  • Ez dugu klase baxuko etorkinik ikusiko D ereduko ikastola kontzertatuetan. Besteekin nahastearen alde egin beharko genuke lan, eta horixe da klase ertainak egin nahi ez duena.

Nerea Fillat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2023ko urriaren 31

Iruñeko klase ertaineko auzoko A eta G ereduak dituen ikastetxe publikoa: 40 herrialde baino gehiagoko jatorria duten ikasleak, nahi beste azal kolore. Iruñeko auzo bereko D ereduko ikastetxea: bost herrialdetako jatorria duten ikasleak, azal kolore paleta laburra. D ereduko ikastetxeak Nafarroako ikastetxe publikoetako ranking sozioekonomiko altuena dauka. Besteak ez.

A eta G ereduko ikastetxean Ukrainako gerra jasaten duten umeak daude, bestean ez. A eta G eredua duen ikastetxean ikasle batzuk gosaldu gabe joaten direlako ardura dago irakasleen artean, bestean urtebetetzeetako bizkotxoa zeliakoentzat den ala ez eztabaidatzen da.

Hizkuntz ereduei dagozkienak baino, ikastetxe horien egunerokotasuna bertan hartutako klase sozialen ardurak baldintzatzen dute, eta modu berean, haien hezkuntza sistema, irakasleriaren ardurak eta hautuak, klaseak baldintzatzen ditu. Hezkuntza publikoak berea egin duen segregazio horri Hezkuntza Legeak berezko duen itunpeko ikastetxeen eta pribatuen kontzertazioa gehitzen zaio, bertan bigarren aldiz moztuz eta segregazioaren gurpilari bira bat gehiago emanez: ez dugu klase baxuko etorkinik ikusiko D ereduko ikastola kontzertatuetan (euskararen alde borrokatzen historia luzeena duten horietan).

Ikastetxeak ateak zabalduz, ikasleak nahastuz eta gureak ez diren hizkuntzak trukatuz aldatu beharko lirateke

Hala ere, euskararen iraunkortasunari dagokionez, egoera larrian gaude eta ardura handia dago euskalgintzan: normalizazioaren alde ematen den pausu bakoitzeko, normalizazioa pausu bat gehiago urruntzen da. Errua eskubideen urraketari egozten zaio, eta ez dugu ulertzen zer gertatzen den eta, are okerrago, batzuetan pentsatzen dugu gure eskubideak bermatuko lituzkeen gobernu bat balego, egoera honi buelta emanen geniokeela.

Kontua da, ordea, euskararen egoeran pentsatzerakoan, Iruñeko auzoko D ereduko ikastetxean dagoen marko berdina dugula: gure klaseari dagozkion ardurak hartuta besterik ez diogu arazoari begiratzen. Horregatik, inoiz ez zaigu burutik pasa euskara salbatzeko Atzerritartasun Legearen aurka borrokatu beharko genukeela edo ikastetxeetan arabiera ikastearen alde. Ez dugu gure historia aberatsa mahai gainean jartzen eta berehala ahazten ditugu Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroara Espainiatik etorritako pertsona pobre horiek bultzatu zituzten borroka sozial, sindikal eta politikoak; bai eta euskararen aldekoak. Eta iraultza soziala buruan zuten ez euskaldun horiek egin zutela normalizazioaren alde amaitzea eta ez euskalgintzaren barnean dauden askok pentsatzen duten bezala gureak salbatzea, gureak babestea, euskaldun petoei hesiak jartzea (arnasguneak bezala). Hezkuntza sistema ikastetxeetako ateak zabalduz, ikasleak nahastuz eta gureak ez diren hizkuntzak trukatzen aldatu beharko litzateke.

Proposamen horrek esan nahiko luke besteekin nahastearen alde egin beharko genukeela lan, eta horixe da, hain zuzen, euskal klase ertainak egin nahi ez duena. Hortxe ba paradoxa, euskara Euskal Herri mestizo batek salbatuko du, zuritasunak etorkizun txikia du eta.

Nerea Fillat