argia.eus
INPRIMATU
Euskara puntuatzeko agintzen dion ebazpenari errekurtsoa aurkeztu dio Zizur Nagusiko Udalak
  • Lanpostu publikoetan euskara merezimendu gisa baloratu behar dela ebatzi zuen apirilean Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Atezainen gaztelaniazko zerrenda osatzeko deialdian euskararen ordenantza urratu du Geroa Baiko udal gobernuak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2022ko abuztuaren 01

Euskara lanpostu publikoetan aintzat hartu behar dela jasotzen du Zizur Nagusiko Euskararen Ordenantzak: “Deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea”. Zizurko Udalak, ordea, araudia urratzen zuen lan deialdia egin zuen 2021ko apirilean. Atezainen bi zerrenda osatzeko deitu zuen, bat lanpostu elebidunetarako eta bestea gaztelaniazko profila duten lanpostuetarako. Azken horretan, euskara ez zuten merezimendu gisa baloratzen

Herritar batek kexa jarri, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebazpena eman zuen 2022ko apirilaren 25ean. Euskara merezimendu gisa baloratu behar dutela ebatzi du eta Euskararen Ordenantzari jarraikiz, lanpostuak jendearekin harremana duenez, euskararen balorazioa %10a izan behar duela. Geroa Baiko udal gobernuak errekurtsoa aurkeztu dio ebazpenari, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian.

Zizur Nagusiko Udalak azaldu zuen, oposizioaren sistema hautatu zuelako ez zutela euskararen balorazioa gehitu. Baina Euskararen Ordenantzak ez du salbuespenik aipatzen oposizio eta oposizio-lehiaketa sarbideen artean.

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ildo aldaketa zoriondu zuen, aurreko astean. Zizur Nagusiko udalak hartutako erabakia salatu du orain. “Irabazten badu, aurrekari judizial txarra euskararentzat”, ohartarazi dute.