argia.eus
INPRIMATU
EAEko Hezkuntza Legeari azterketa Legebiltzarrean
Euskara, publikotasuna, segregazioa eta laikotasuna jo-puntuan jarri dituzte eragileek
  • 46 agerraldi entzun dituzte politikariek Eusko Legebiltzarrean, EAEko Hezkuntza Legea hizpide. Lege-proiektuari ekarpenak eta zuzenketak egitea zen helburua, eta ekarpen bezainbeste kritika helarazteko baliatu dute eragileek: publikotasuna, euskara, laikotasuna, doakotasuna eta segregazioa izan dira protagonistak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko ekainaren 23a
Hezkuntza eragileek 46 agerraldi egin dituzte Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean. Irudia: Eusko Legebiltzarra.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esana du legegintzaldi honetan onartuko dutela EAEko Hezkuntza Legea. Dagoeneko aurkeztu dute lege-proiektua eta eragileen iritzia jasotzeko parada izan dute politikariek Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Hurrengo fasean, politikariek eurek izango dute aukera lege-proiektuari egin nahi dizkioten zuzenketak Legebiltzarrera eraman eta bozkatzeko, ziurrenik irailetik aurrera.

Euskara

Euskalduntzeak legean duen rola eragile askok izan dute ahotan, baina Euskalgintzaren Kontseiluak egin du azterketa zehatzena eta 33 zuzenketa proposatu ditu. Nagusiki, legeak aipatzen duen “euskara ardatz duen sistema” zehazteko eskatu du, euskara izan dadin benetan ikas- eta irakas-hizkuntza orokorra. Zentzu horretan, “ez da zehazten hizkuntzen marko orokor bat, ikastetxe bakoitzak erabaki ahal izango du zein hizkuntzatan emango dituen irakastorduak”, kritikatu du EHIGEk; eta hizkuntza marko orokor hori murgiltze eredua izan behar dela aldarrikatu du hainbat eragilek.

Ikasleen euskara maila ebaluatzea irakasleen esku utzi beharrean, kanpo-ebaluazioa bermatu beharra eta euskal curriculuma ardatz izatea azpimarratu du Kontseiluak (Ikastolen Elkarteak ere bai, besteak beste), eta ingurune soziolinguistikoan euskara gutxiago duenari gehiago ematea eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeetan hizkuntza-normalizaziorako arduradunak egotea gomendatu du.

Irakasleen euskara gaitasunari lotuta, maisu-maistren artean C1 maila lortzeko prestakuntza sustatu nahi du legeak, baina langa gorago jarri du Kontseiluak: irakasleentzat euskarako C2 maila lortzeko prestakuntza eta euskal kulturaren ezagutza izatea eskatu du.

Esparru honetan legeak aurkeztu duen urratsik inportanteenetarikoa auzitan jarri du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunek: derrigorrezko hezkuntza bukatzean euskara B2 maila eskatuko zaie ikasleei, baina Topaguneak salatu du eskaera horrek ez duela baldintzatuko titulazioa lortzea. Gainera, B2 hori lortzeko gaur egun legeak ez duela nahikoa baliabide bermatzen kritikatu du hainbat eragilek.

Derrigorrezko hezkuntza bukatzean euskara B2 maila eskatuko zaie ikasleei, baina Topaguneak salatu du eskaera horrek ez duela baldintzatuko titulazioa lortzea

Publikotasuna

Lege berriak denona izan behar duela aldarrikatu du Kristau Eskolaren ordezkariak, Legebiltzarrean. Ikastolen Elkartetik ere, aurrerapauso handitzat jo dute Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea (zeinak sare publikoa eta itunpekoa barne hartzen dituen eta %100ean diru publikoz finantzatzen diren, baldintza batzuk betez gero). Hori bai, zerbitzu horren definizioan zehaztasun falta ikusi dute ikastolek: “Ikastetxe guztiok, titulartasuna zein den kontuan izan gabe, baldintza berdinetan jokatzeko ahalmena izan behar dugu”. Eta proposamena luzatzen dute: “Legeak bidea ireki behar dio titulartasun partekatuko ereduak esperimentatzeari”.

Beste muturrean kokatzen dira euskal eskola publikoaren bueltako eragileak, egunotan Legebiltzarrean parte hartu dutenak. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eredua arbuiatu dute, sare publikoa eta pribatua parekatzen dituela eta sare publikoa lehenetsi beharko litzatekeela argudiatuz. Publifikazio prozesu bat bultzatzearen alde egin dute EHIGE guraso elkarteen federaziotik eta Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformatik, eta eskola publikoaren autonomiarako lege-esparru bat garatzea, eskola publikoaren perimetroa zabaltzea eta itunpeko ikastetxeen gain-eskaintza murriztea eskatu dute.

Gogor hasi zuten hitzaldia Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko ordezkariek: “Ez daukagu Hezkuntza Legea aldatzeko proposamenik, errotik aldatzea eskatzen dugu. Proiektu hau pribatuaren alde eta publikoaren kontra doa; euskalduntzean ez du aurrerapausorik ematen; parte-hartzeari buruz hitz egiten du baina ez dago hobekuntzarik; segregazioari aurre egiteko neurriak aurreko legedian ere jaso ziren, beldur gara sare pribatuari diru gehiago emateko aitzakia bihur ote daitezkeen; legea ontzat emateak sare publikoa murrizteari atea zabalduko dio”.

Eskola Inklusiboa: "Badirudi doakotasuna ikastetxeak jasotzen duen finantzazioari lotua dela, beste lege batzuek aurrez esan dutenean doakotasuna derrigorrezkoa dela, inongo baldintzarik gabe"

Doakotasuna

Aurreko puntuari oso lotuta doan gaia da doakotasuna, legeak baitio zerbitzu publiko horren partaide diren itunpeko ikastetxeak diru publikoz %100ean finantzatuko dituztela eta ikastetxeek ezingo dutela kuotarik kobratu. Kezka agertu dute Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak. Ikastolen Elkartea bat dator doakotasun printzipio eta helburuarekin, “baina ez da aipatzen doakotasun hori burutzeko modua, ezta erabiliko diren baliabideak ere; ezin izango da doakotasuna bermatu baliabide guztiak bideratu artean”.

Ildo berean, Kristau Eskolaren arabera “doakotasun efektiboa posible izango da bakarrik itunpekoen finantzaketa osoarekin, finantzaketa erabateko eta erreal batekin, kuotak ez kobratzeko modua emango duena”.

Baldintza horren aurka egin du Eskola Inklusiboaren ordezkariak, bere agerraldian: “Badirudi doakotasuna aurrekontuari eta ikastetxeak jasotzen duen finantzazioari lotua dela, beste lege batzuek aurrez esan dutenean doakotasuna derrigorrezkoa dela, inongo baldintzarik gabe”.

EHIGEk eskatu du argitzeko “zer finantzatuko den itunpeko ikastetxeak ‘oso-osorik’ finantzatuko direla esaten denean”.

Kristau Eskola: "Uste dugu gaur egun eskoletako Erlijio irakaskuntza ez dela doktrinamendua, pertsona aberasteko funtsezko tresna baizik. Ikastetxeen eginkizuna ez da laikotasuna bermatzea"

Laikotasuna

Kristau Eskolak laikotasunean jarri du fokua, bere agerraldian. Horren aurretik, “Euskal Herriko nortasunaren garapenean, euskararen eta euskal kulturaren zeregin aktiboan” Kristau Eskolak izan duen garrantzia nabarmendu du, eta datuak eman ditu: Kristau Eskola elkarteak 75 instituzio biltzen ditu, 123 ikastetxe EAEn, 110.000 ikasle, 90.000 familia eta 7.000 langile inguru. Itunpeko ikastetxeen %47 kristau eskola dira, Euskal Autonomia Erkidegoan.

“Uste dugu gaur egun eskoletako Erlijio irakaskuntza ez dela doktrinamendua, pertsona aberasteko funtsezko tresna baizik”, adierazi du Kristau Eskolak, eta kritikatu du legearen honako pasartea: “Euskal hezkuntza zerbitzua ematen duten ikastetxeek laikotasuna bermatu beharko dute”. Kristau Eskoletako ordezkariaren hitzetan, “ikastetxeen eginkizuna ez da laikotasuna bermatzea. Zehaztu beharko litzateke hezkuntzari egotzitako laikotasunaren erreferentzia. Laikotasun positibo baten alde gaude”.

Bestelako ikuspuntua helarazi du Euskal Eskola Publikoaz Harrok, bere agerraldian: “Ikastetxe erlijiosoetan gaur egun oraindik otoitz egiten da klase orduetan; laikotasuna ez da bakarrik ikasle bakoitzaren sinesmenaren errespetuari begiratzea, hori gutxienekoa da, hori da inkisidorea ez izatea, laikotasuna ere bada sinesmen guztiek errespetu bera jasotzea eta praktika konfesionalak ikastetxetik at uztea”.

Euskal hezkuntza zerbitzu publikoaren eredua Kataluniak aspaldi ezarri  zuen eta segregazio gehien duen laugarren erkidegoa da Espainiako Estatuan. Alegia, zerbitzua sortzeak bakarrik ez du ezer bermatzen

Segregazioa

Legearen protagonistetako bat den gaia ere izan dute mintzagai batzuek eta besteek: ikasleen segregazioa. Save The Children erakundeko ordezkariak egin du analisi osoenetarikoa, bere agerraldian:

“Lehen zirriborrotik aurrerapenak ikusten ditugu, baita dagoeneko Hezkuntza Saila aplikatzen ari den dekretu eta aginduetan ere: plazak gordetzea handitu da, zaurgarritasun indizea ezarri da, doakotasuna kontrolatuko duen unitate administratiboa aipatu da, baina aldi berean ikusi dugu plazen gain-eskaintza mantendu dela (eta gain-eskaintzak zehazki zer esan nahi duen hobeto definitu beharra dago), zerrenda bikoitza ez da ongi funtzionatzen ari (plazak gordetzea a posteriori egiten ari da, ez aurrez), eta baremazioak jarraitzen du esaten ordezkaritza organo gorenak erabakitzen duela eta jarraitzen du saritzen kooperatibista izatea, akordioak kontrakoa dioen arren”. Laburrean, “legearen helburuekin bat gatoz, baina ez dugu ikusten nahikoa neurri edo tresna jasota daudenik helburu horietara iristeko”.

Euskal hezkuntza zerbitzu publikoaren eredua Kataluniak aspaldi ezarri zuela nabarmendu du, “eta hamar urte baino gehiago pasa ostean, Kataluniako itunpekoak dira ikasleei kuota gehien kobratzen dietenak Espainiako Estatuan, segregazio gehien duen laugarren erkidegoa da Katalunia”. Alegia, zerbitzua sortzeak bakarrik eta zerbitzu horren parte izateko printzipio batzuk eskatzeak ez du segregazioa gainditzeko balio, ohartarazi du. Gainera, “legea orain idatzita dagoen bezala ulertzen dugu itunpeko guztiak automatikoki pasatzen direla zerbitzuaren parte izatera, eta horregatik trantsizio fase bat behar da”. Zerbitzu horren partaide izateko eskatzen diren baldintzak moldatzea funtsezkotzat du; “interes sozialeko izatearen aipamena bera desagertu da”. “Zehaztasun handiagoa behar da, bestela besterik gabe da esatea itunpekoei dagoeneko indarrean dagoen legea bete dezatela”, eta adibide zehatza jarri du: ikastetxeei ikasle zaurgarri portzentaje bat eskatu beharko litzaieke.

“Zaurgarritasun sozioekonomikoa zer den hobeto zehaztu behar dela uste dugu. Ez da lege proiektuan azaltzen, eta ez da ez onarpen dekretuan ez aginduan zehazten. Eta oso inportantea da, onarpen prozesuan familia askoren eskubideari eragiten diolako”.

Azkenik, proposatu du eskualdeka planifikazio eta eskolarizazio batzordeak sortzea, eskualdeko eragileak eurak ko-arduradun egiteko eskualdea planifikatzerakoan. “Eta garbi utzi nahi dugu: jaiotze tasa jaisten ari den honetan, ezinezkoa da pentsatzea ikastetxe publiko eta itunpekoen artean elkarbizitza nagusituko den zerbitzu publiko batean, oinarria bada geratzen diren ikasleak erakartzeko lehia basatia”.

Save The Children: "Ezinezkoa da pentsatzea ikastetxe publiko eta itunpekoen artean elkarbizitza nagusituko den zerbitzu publiko batean, oinarria bada geratzen diren ikasleak erakartzeko lehia basatia"

Segregazioaren alorrean, kontuan hartzekoa da baita ere Eskola Inklusiboaren eta Zubiak Eraikiz elkartearen izenean egindako agerraldia: hala nola eskatu ditu matrikulazio bulego bateratu eta bakarra, ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasun Indizea publiko egitea eta kontuan hartzea ("jakiteko ea baten bat ghetto edo burbuila ikastetxea den, orekarik al duen…"), gain-eskaintza saihesteko ongi arautzea, ikastetxe bakoitzak zenbateko inklusio portzentajea hartu behar duen zehaztea, eta zaurgarritasun indizea datu objektibo eta egiaztagarrietan oinarritzea: “Ikusi berri dugu, matrikulazioan bakoitzak eman dituen datuen arabera jokatzen da, eta horrek pikareskarako modua eman dezake, norberak badakienean zer komeni zaion jartzea, leku batean edo bestean egokitzeko”.

Legeak jasotzen dituen kontratu programak gogor kritikatu ditu: “Zaurgarritasun eta inklusioari lotutako kontratu programak eskatzen genituen guk, ez berrikuntzari lotuta, zeren frogatuta dago oso arriskutsua dela berrikuntza proiektuetan oinarrituta batzuk eta besteak lehiatzea, ardatz izan gabe inklusiorako baliabide gehigarriak”.