argia.eus
INPRIMATU
‘Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan’ kanpaina abiatu du Kontseiluak
  • Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 12a

“Aldaketaren legealdiaren erdia joan da jada” gogorarazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Bi urteetan zenbait aldaketa egin direla azpimarratu du, hala ere, “euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu bereizkeriaren eragilea den eskualdekatzea” gaineratu du.

Zonifikazioarekin amaitzeko eta euskararen lege berriaren alde, Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan, Sarrigurenen eta Iruñean dinamika bat hasiko dute, tokian tokiko euskalgintzarekin batera.

Herri horietako herritarrek , urriaren amaieran, esku-orri bat jasoko dute euren etxeetan. Esku-orri horrek zonifikazioaren inguruko informazioaz gain, udalari eskaria egiteko eskabidea jasoko du.

Eskabide horiek azaroko lehen hiru asteetan jasoko dituzte herrietan. Ondoren eskabideak Udalei eta Legebiltzarrari helaraziko dizkie euskalgintzak. Paul Bilbaok gaineratu du Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiekin biltzeko asmoa dutela zonifikazioaren gaiaz hitz egiteko.