argia.eus
INPRIMATU
Euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatuko dute urriaren 27an
  • Nafarroako Parlamentuan euskararentzat lege berria aztergai dela baliatuz, datorren urriaren 27rako mobilizazio handia iragarri du Kontseiluak. Iruñean egingo da, 17:00etan hasita, "nafar guztiei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko dien ofizialtasuna eskatzeko".

ARGIA @argia 2018ko irailaren 05
Mobilizazio iragartzeko agerraldia (argazkia: Kontseilua)

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak argitu duenez, "behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera ikusten dugu. Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria lantzen den abagunea probestuta, euskaldunok indar egingo dugu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen egoera sortzeko".

Kontseiluak azaltzen duenez, 1986tik hona, Nafarroako euskaldunok, beren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa pairatu dute. Vascuencearen Foru Legeak Nafarroa hirutan banatu zuen, eta, ondorioz, lurraldearen zati handi bat eskubidez gabetu zuten, euskaraz bizitzeko aukerarik gabe. Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez.

Urtetan egindako kaltea erreparatzeko garaia

Euskararen garapenaren aldeko aukera zabaldu dela-eta, abagunea aprobetxatu du Kontseiluak Euskararen Lege berria egiteko, herritarrekin elkarlanean. "Behin lanketa hori eginda, alderdiei dagokie oinarri berri eta sendoak jartzea, lege berriak herritarren beharrei erantzun diezaien. Orain ikusten dugu aukera euskaldunontzat egokia izango den egoera bermatzeko. Lege berria, hizkuntza-eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lortu daitekeen zerbait dela uste dugu eta aukera hau pasatzen uzten baldin badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu", esan du Bilbaok. "Bada garaia urtetan egindako kaltea erreparatzeko".