Ehunka lagun elkartu dira Euskal Herrian Euskaraz-ek Iruñean egindako mobilizazioan. Zonifikazioaren legea alde batera utzi, eta Nafarroa osoan euskara ofizial izatea aldarrikatu dute.
Nafarroan euskara ofizial izatea aldarrikatu dute ehunka lagunek Iruñean, larunbatean Euskal Herrian Euskarazek deitutako mobilizazioan.
Hauteskunde kanpainaren testuinguruan, EHEk alderdi politikoei dei egin die datorrena "ofizialtasunaren legealdia" izateko. "Ez gaude gure hizkuntza eskubideak, beste lau urtez, legez urratuak direla ikusteko eta bizitzeko prest. Ez dugu onartuko, beste behin, legealdiaren hasierako negoziazioetan euskararen ofizialtasuna lehen minutuan erortzen ikustea".
Azaldu dute Nafarroa hirutan zatitu zuen zonifikazioaren legeak eta horren bueltan sortutako marko mentalak "euskararen minorizazio-prozesuaren ondorioak betikotu" dituela. UPN Nafarroako Gobernutik kendu zutenetik zortzi urte igaro badira ere, EHEk adierazi du euskararen ofizialtasuna ez dutela legez gauzatu Uxue Barkosen eta Maria Chiviteren gobernuek: "Euskararen normalizazio-prozesuan nahiz zonifikazioa gainditzeko bidean ez dute egiturazko jauzi esanguratsurik egin".
Euskararen aldeko borroka
Gaur egun euskaldun eta euskaldun hartzaileak Nafarroa Garaiko herritarren %26,5 dira, 1986ean %10 besterik ez zirenean. Irakurketan horren meritua azken hamarkadetako eta gaur egungo euskararen aldeko borrokari aitortu diote.
Azken hilabeteetako bi gertaera ere azpimarratu nahi izan dituzte. Alde batetik, Euskararen Nafar Kontseiluak ofizialtasunaren aldeko posizioa hartu izana, kontrako botorik gabe. Bestetik, Euskalgintzaren Kontseiluaren adierazpenak denbora gutxian berrehundik gora eragileren babesa jaso izana.
Mobilizazioko irudiak: (Ahotsa.eus)