argia.eus
INPRIMATU
Euskara nafar guztiona dela aldarrikatuko dute larunbatean Iruñean Sorionekuak ekimenak deituta
  • Larunbat honetan, ekainaren 10ean, festa eta aldarrikapen eguna biziko dute Nafarroako euskaldunek eta euskaltzaleek Iruñean, Sorionekuak ekimenak antolatuta, Euskara nafar guztiona goiburupean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 09a
Nafarroako eremu guztietatik ari dira dei egiten ekainaren 10eko festara joateko. Hemen Iruñean egindakoa. (Argazkia: @Sorionekuak)

Iruñeko Alde Zaharrean eta Takonera parkearen ondoan dagoen Basotxo kalean ekitaldi ugari antolatu dira egunean (ikusi egitaraua albistearen amaieran) eta 17:30ean manifestazioa egingo dute: Antoniutti parketik irten, Gaztelugibelerantz jo, eta Pio XII.aren etorbidetik barrena ostera ere Basotxo kalera, han manifestazioa amaitzeko.

Ager eta Irulegiko Eskua

Iragan urriaren 22an zonifikazioaren aurkako manifestazioa egin zuten Tuteran. Jende asko biltzeaz gain, giroa sortu zen bertan, eta pentsatu zuten hori Nafarroa osora zabaldu behar zutela. Handik gutxira, hegoaldeko asmo haiei bultzada emateko gertaera baten berri izan genuen: azaroaren 14an Irulegiko Eskuaren berri eman zuten Iruñerriko Aranguren bailaran. Aranzadi Zientzia elkartearen aurkikuntzak uholde bat ekarri zuen euskararen bertakotasunaren inguruan, eta haren gainean, iragan urtarrilean aurkeztu ziren Sorionekuak manifestua eta mugimendua, larunbateko festa antolatu duena. Hemen ikus daitezke zeintzuk sinatu zuten manifestua.

Egiteko beste molde bat

Euskaraz bizi den eta bizi nahi duen jendea batzen du Sorionekuak ekimenak. Manifestuan eta hilabete hauetan egindako adierazpenetan, euskalgintzara beste egiteko modu bat ekarri nahi dutela diote, euskara nafar guztien hizkuntza delako. Euskaldunak Nafarroan oztopo asko bizi dituela azpimarratu dute, arlo askotan gainera, irakaskuntzan, administrazioan, kulturan eta beste hainbat esparrutan. Hala ere, ez dute euskara kezkarekin bizi nahi, euskara pozetik eta normaltasunetik bizi nahi dute: “Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe”. Sorionekuak izan nahi dugu, diote Irulegiko Eskua festaren aitzinean jarrita.

Kezkarekin eta arazoarekin baino, euskara irribarrearekin eta positiboarekin lotu nahi dute, beti kontrara baino, alde agertu. Baina jakitun dira, halaber, “ardura politikoak exijitzeko garaia” ere badela, eta “eskubide guztiak herritar orori bermatuak izan daitezen nahi dugu, fikziozko mugarik gabe”. Manifestuaren amaieran aldarrikatzen duten gisa, ekiteko daude, ez amore emateko: “Etsitzea ez da aukera bat. Erakutsi dugu eta oraingoaren ere erakutsiko dugu: efemeride berriak sortu nahi ditugu, historiaren orrialde berriak idatzi, euskaraz”.

Egitaraua

Nafarroa osotik etorritako jendea bilduko da eta antolatzaileek zonalde bakoitzak bere ezaugarriekin jantzita etor dadila animatzen dituzte herritarrak: “Norberak bere herriko zapia ekartzeko, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri edo dena delakoa” ekar dezala.

Urtarriletik hona hainbat ekimen antolatu dituzte eskoletan, aisialdian eta kulturan, eta larunbata arlo horien guztien bilduma izan nahi du. Honakoa da prestatu duten egitaraua:

11:00 Tailerra eskuak egin eta margotzeko. Eskuahaldunak elkartea. Basotxoan.

11:00-14:00 Puzgarriak eta gazteendako jolasak. Basotxoan.

11:30 Erraldoien kalejira. Basotxoan.

12:00 Topadantzak. Basotxoan.

12:00 Dj bermuta. Laba elkartea, Gazteluko plazan.

12:30 Gora bihotzak! Haurrendako ikuskizuna. Basotxoa.

13:00 Kantuz.

14:00 Herri bazkaria. Arrano elkartea.

16:30 Igandea txaranga. Basotxoa.

17:30 Herri mobilizazioa. Antoniutti.

Ekimenak era guztietako sostenguak jaso ditu: Euskalgintzaren Kontseilua, Topagunea, Behatokia, AEK, IKA eta EHE, besteak beste; irakaskuntzatik Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Federazioa; sindikatuetatik ELA, LAB, ESK eta Steilas, eta alderdi politikoetatik EH Bildu eta Geroa Bai. Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta Ernaik ere festara hurbiltzeko deia egin dute.