argia.eus
INPRIMATU
Euskara lehenestearen aldeko ekintza burutu dute Donibane Garazin
  • Euskal Herriko bide departamentaletako seinaleetan lehenik euskara erabiltzea eskatu izan die behin baino gehiagotan Herribiltza taldeak lekuko hautetsiei. Erantzunik ez duenez jaso, ekintza burutu du euskara lehen lerroan jartzeko urratsa emanez.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 10a
Herribiltzaren ekintza, Donibane Garazin

Donibane Garazi herrian sartzeko seinaleak bestelako ditu Herribiltza taldeak: euskarazkoak goian jarri eta frantsesezkoak azpialdean kokatu. "Hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat behar du non lehentasunez eta nagusiki erabiltzen den", adierazi du taldeak. Herribiltza, Euskal Herritarren Biltzarren Elkargoa da, "euskal herritarron biziei buruz erabakitzeko boterea egiazkiz gure eskuetan izaitea bermatu nahi duen Euskal Herri osoko erakundea".

Jakitera eman dutenez, behin baino gehiagotan eskatu izan diete departamendu mailako Kontseiluari eta Herriko Etxeari euskara lehentasunez jartzea: martxoaren 19an, maiatzaren 27an eta azkenik ekainaren 19an. "Ipar Euskal Herriko erakunde politiko, ekonomiko, sozial eta kultural gehienek, ez diote euskarari lehentasuna eta nagusitasuna emaiten, eta ondorioz gure hizkuntza heriotzera kondenatzen dute", irakurri daiteke Herribiltzak instituzioei bidalitako gutunean. Hori horrela, hautetsiek egiten ez dutena egin du herritar taldeak.

Aste honetan Herribiltzak Behorlegin antolaturiko topaketen baitan antolatu dute ekintza.

Euskara egoera larrian, Ipar Euskal Herri barnealdean ere

Euskararen erabilpen-ezaren arazoa ez da soilik Ipar Euskal Herri kostaldeari mugatzen. Nafarroa Behereko herri ttipietan euskaraz bizi direnaren ustea orokorrean ez da egia. 1989tik karriketan euskararen erabilpena neurtzen duen Soziolinguistika Klusterraren datuak ditugu esku artean: duela sei urte %14,6koa zen erabilera Nafarroa Beherean, 2021eko neurketan, aldiz, %10,5ekoa. Orokorrean Ipar Euskal Herrian, beranzko joeran segitzen du euskarak 1997az geroztik.