Donibane Garaziko sarreretako batean, Arnegitik datorren errepidean, euskarazko kartela frantsesezkoaren gainean jarri du Herribiltza taldeak, “euskararen bizirik irautearen aldeko auzolanari” segida emanez.
Abuztuan ekin zion Herribiltza kolektiboak errepide bazterreko kartelen ordena aldatzeari. "Hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat behar du non lehentasunez eta nagusiki erabiltzen den", adierazi zuen taldeak. Euskal Herritarren Biltzarren Elkargoa da Herribiltza, "euskal herritarron biziei buruz erabakitzeko boterea egiazkiz gure eskuetan izaitea bermatu nahi duen Euskal Herri osoko erakundea".
Orduan jakinarazi zuenez, behin baino gehiagotan eskatu diete departamenduko Kontseiluari eta Herriko Etxeari euskara lehentasunez jartzea: martxoaren 19an, maiatzaren 27an eta azkenik ekainaren 19an. “Pirinio Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiak ez duenez gure bilkura eskaerari erantzuten, euskararen bizirik irautearen aldeko auzolanekin segitu dugu”, iragarri dute.
Bestalde, Herribiltzak azaldu du joan den ostegunean Donibane Garaziko auzapezarekin bildu zirela. “Herrien izenen bide bazterreko taulen kudeaketa departamenduaren esku dela adierazi zigun eta departamenduari gure bilkura eskaera helaraziko ziola erran zigun”.