argia.eus
INPRIMATU
Euskara lehenestea eskatu diote Jaurlaritzari eta EITBri Gasteizko kaleetan
  • Ehunka herritarrek hartu dute parte Aldatu Gidoiak deitutako manifestazioarekin, larunbat arratsaldean. Kulturan eta ikus-entzunezkoetan euskararen aldeko politikak eta bitartekoak exijitu dituzte. Kulturako eta euskalgintza hainbat kidek hartu dute hitza amaierako ekitaldian.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko maiatzaren 20a
Argazkia: @PantailakEusk

Manifestazioa Foru plazatik abiatu da, toki beren amaitzeko. Aldatu gidoia euskararen alde lelodun pankartak ireki du martxa, eta Euskal Telebista euskaraz zioen bigarren bat ere izan da. Gasteiz antzokiaren aldeko plataforma sortu berriak ere pankarta bat eraman du eta esku-orriak banatu ditu, eta manifestazioaren antolatzaileek babesa agertu diete amaieran.

Manifestazioari babesa adierazia zioten, besteak beste, ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, eta Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Baita, kultura eta euskalgintza arloetako hainbat pertsona ezagun ere, horietako batzuek eraman dituzte pankartak, eta hitza hartu dute amaiera ekitaldian.

Euskararen alde eta euskaraz

Hitza hartzen lehenak Maialen Kortabarria bertso gai-jartzailea eta Estitxu Fernandez kazetaria izan dira, Aitor Biain kazetariak Berrian jaso duenez. Salatu dute EITBn gaztelerazko edukiek dutela lehentasuna, bigarren mailan dagoela euskara, eta hori “errotik” aldatzeko eskatu diote osatzear dagoen Jaurlaritza berriari. “Berreskuratu ditzagun euskarazko telebistaren sorrerako anbizio eta asmoak”, aldarrikatu dute, hain zuzen ere, Elixabete Garmendia kazetariak eta Aritz Ganboa Biba zuek! saioko kolaboratzaileak, salatu ostean euskarazko telebistaren jaiotzako helburuak “lausotu” egin direla.

Iraia Elias aktoreak eta Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak ohartarazi dute ikus-entzunezkoen sektorea “hilzorian” dagoela. “Hainbat eta hainbat dira euskaraz gehiago lan egin nahi duten kultura arloko profesionalak, baina non daude politikak, non aurrekontuak, baliabideak eta diru laguntzak?”, galdetu dute. Lanartean Euskararen Langile Profesionalen Elkartetik Miel Anjel Elustondo ARGIAko kolaboratzaileak EITBri eskatu dio euskal sortzaileen lana hauspotzeko.

Berriako zuzendari Amagoia Mujikak “euskararen ekosistema” osoa indartzeko deia egin du. Egunkaria eta Berria egunkarien sorrera gogoratu eta euskararen alde herritarren bultzadak duen garrantzia azpimarratu du, baina erakundeek zeregin ezinbestekoa ere badutela ere esan du: “ Kulturan eta ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzearen alde egin dezagun bultza, eta agintaritza eta eragile politikoek gara ditzatela hizkuntzaren biziberritzean eragingo duten hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak”.