Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak proposatutako ebazpena aho batez onartu dute Europako hizkuntzen sareak Bilbon egindako batzarrean.
Larrialdi linguistikoaren inguruko ebazpena azaroaren 9an irakurri dute, ELEN Europako hizkuntzen sareak Bilbon egin duen batzar orokorrean. Elin H. G. Jones ELENeko presidenteak, Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusiak, eta Idurre Eskisabel ELENeko presidenteorde eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri dute adierazpena.
Gogorarazi dute katalanak eta galizierak ere, “hurbileko hizkuntzak eta egoera bertsuan daudenak”, ohartarazpen bera egina dutela. ELENek adierazi du hizkuntza politikan jauzi bat ematen ez bada, “bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hasteko bidean” direla hizkuntza horiek, euskara barne.
ELENeko kideek ez dute arrangurarako deia egin nahi izan, eta adierazi dute “euskararen normalizazio eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa emateko modua” dela onartutako ebazpena. “Egoera itzulikatzeko”, euskararen normalizazioa eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean kokatzea ezinbestekotzat jo dute.
Europako instituzio, agintari, eragile politiko, sozial eta herritarrei ere dei egin die neurriak hartzera, “homogeneizazio kulturala saihesteko”.
Ahultzearen zantzuak
Ebazpenean azpimarratu dute euskarak haren normalizazioan eta biziberritzean aurrerapausoak eman dituela. Hiztun kopurua handitzen ari dela azaldu dute, baina horren ahultasuna agerian uzten duten hainbat gertakari zerrendatu dituzte: Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apaltzen ari da; Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin ikasketa prozesuan; EAEko gune euskaldunenetan erabilera atzera egiten ari da; eta Euskal Herri osoa hartuta, hiztunen %17,5 baino ez da moldatzen errazago euskaraz erdaretan baino.
Ahultasunak euskararen estatusarekin zuzeneko lotura duela adierazi dute. Euskara ofiziala ez den Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako zati bateko egoera gogorarazi dute. Bestalde, EAEn eta Nafarroako “eremu euskaldunean” ematen ari den oldarraldi judiziala aipatu dute, zeinaren bidez “euskararen aldeko hizkuntza politikak eraisten ari diren”.
Eta azkenik, globalizazioa eta digitalizazioa aipatu dituzte. Adierazi dute horien eraginez “hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago direla eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago”.