argia.eus
INPRIMATU
Euskararen “larrialdi egoerari” aurre egiteko mobilizazioa deitu du EHEk Durangon
  • Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du abenduaren 7an. "Hizkuntza larrialdiaren aurrean Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa" dela aldarrikatu du mugimendu euskaltzaleak. Mundu mailako eskuin muturraren hazkundeari “euskaratik eta euskaragintzatik” aurre egitera deitu du

Julene Flamarique 2024ko urriaren 08a
Euskal Herrian Euskaraz Durangon egindako prentsaurrekoan EHE

EHEk abenduaren 7an egingo duen manifestazioa gaur iragarri du Durangon egindako prentsaurrekoan. “Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa” dela uste duelako deitu du mobilizazioa. “Urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago”, adierazi du gaurkoan.

“Bidean aurrera egin genuen, nahiz eta aurkako indarrak beti hor egon, gure hizkuntza, eta ondorioz, 'gu' hori desagerrarazi nahian. Zoritxarrez, azkenaldian, aurkako indar horiek bizkortu egin dira eta euskararen aurkako erasoaldi bat, oldarraldi bat, bizi dugu, epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderdiren diskurtsoetatik datorkiguna”, azaldu du EHEk.

Euskaratik mundura

Euskararen aldekoek azaldu dute “bizi dugun oldarraldi hau” ez dela fenomeno isolatua: “Munduan barrena indarrak hartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan kokatzen den” gertakaria baizik. Honela, faxismoari “euskaratik eta euskaragintzatik” aurre egin beharra azpimarratu du. Euskal Herria “mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean inspirazio-iturri” izan dadin euskaltzaleak deitu ditu abenduaren 7an Durangora bertaratzera. Landako Gunean hasiko da manifestazioa, arratsaldeko seietan.