Otsaileko azken ostegunean (otsailaren 28an) “Euskara jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza” sei kapituluko dokumental sortako irudi batzuk proiektatuko dituzte, egileek inguruetan hartutakoak. Dokumentalen estreinaldia oraindik ez dago zehaztuta noiz eta non izango den, egileek adierazi dutenez.
“Euskara jendea” dokumental sorta honek abiapuntu gisa, Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratutako izenburu bereko liburua du. Dokumental hauekin, ikus-entzunezko euskarrian falta zena beteko dute egileen hitzetan.
40-50 minutuko sei atalez osatutako dokumentalak, euskararen eta bere herriaren historia zabaltzea du helburu. Sei atal hauek honako izenak dituzte: Historiaren atarian, Erromako inperioan, Aniztasunaren bidean, mugetan gaindi, Gerren arteko Pizkundean eta Mundua osatzen. Historia horiek kontatzeko, historialari, hizkuntzalari arkeologo eta kulturgile ugarik hartu dute parte. pertsona horiez gain orain arte inolako ekoizpenetan agertu gabeko, Euskal herriko zein atzerriko hainbat txoko ere agertuko dira. Garai historiko bakoitza girotzeko dramatizazio txikiak ilustrazio eta grafismo erakargarriak eta atal bakoitzerako egokitutako musika topatuko dugu dibulgaziozko dokumental sorta honetan.
Hainbat hizkuntza desberdinetan daude azpititulatuta dokumentalak.
Dokumentalaz gain, Otsaileko ostegunetan Donapaleun hitzaldi eta emanaldi desberdinak antolatu dituzte. Lehen ostegunean, otsailaren 7an, Piarres Aintziarten mintzaldia izango da, bere bizipenen inguruko gogoetak azalduko ditu, otsailaren 14an berriz, Ainhoa Arburua psikoterapeutak dolua nola bizi erakutsiko du, Otsailaren 21ean ETAk armak utzi dituela bi urte igaro diren honetan Emilio Lopez Adanek egoera honen eta "Madril eta Parisek duten borondate ezaren inguruan" hitz egingo du.