argia.eus
INPRIMATU
Euskara Ipar Euskal Herrian: azken datuak “itxaropentsuak” dira Euskal Konfederazioaren ustez
  • VI. inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu berri dituzte Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Konfederazioak "itxaropentsutzat" jo ditu datuak, Enbatak adierazi duenez.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 11
(Irudia: VI. inkesta soziolinguistikoa, 2016).

Txosteneko lehen datu nagusia da 2016an Iparraldean 16 urtetik gorako biztanleetatik 51.200 direla euskaldunak, 23.300 elebidun hartzaileak eta 174.900 erdaldun elebakarrak; alegia, %20,5 dira euskaldunak, %9,3 euskaldun hartzaileak, eta %70,1 erdaldun elebakarrak. Proportzionalki Nafarroa Beherea eta Zuberoa dira euskaldun gehien biltzen dituzten lurraldeak (biztanleen %49,5, 16.000 euskaldun), baina kopuruetan Lapurdi da (BAM euskaldea sartu gabe) euskal hiztun kopururik altuena duena, 26.000.

Azken hogei urteetan 5,9 puntuko jaitsiera izan du euskaldun kopuruak hiru lurraldeetan. 1996an biztanleen %26,4 elebiduna, eta 2016an %20,5. Beherakadak, ordea, azken garaietan mantsotzeko joera adierazten duela azaldu dute.

Zergatik emaitza "itxaropentsuak"?

Adinen arteko alderaketa eginda, gazteen euskalduntze maila da gora egin duena. 2011ko inkestak azpimarratu zuen joera hori, eta 2016ko datuek berretsi egin dute. Oraindik 65 urtetik gorakoak dira euskaldun kopuru altuena ematen dutenak (%28,1), baina adin-tarte horretako datuek behera egiten dute. 35 eta 49 urte bitarteko tartea da mailarik baxuena ematen duena (%14,6). 25-34 adin-tartean %15,7ko datuak ematen dituzte, eta 16-24 urte bitartean %18,9.

Duela hogei urte 16-24 adin-tartean %11,3 zen euskalduna, eta orain ia zortzi puntuko aldea dago, %18,9. 25-34 urte bitartean gorakada apalagoa bada ere, 1996tik hona 2,1 puntuko gorakada izan du.