argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernua murrizketak egiten ari da hizkuntza eskoletako euskara taldeetan
  • Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza Eskolako euskara irakasleak egindako salaketak hutsune sakonagoa utzi du agerian: "Ixten ari dira ongi funtzionatzen duten euskara taldeak, nahikoa ikasle dituztenak, ez dakigu zein irizpideren arabera".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko ekainaren 07a
\"Arratsalde bakarrean, sekulako maratoia egin behar dute ikasleek, C1 azterketa adibidez lau ordu pasa dira, astakeria bat\".

Ikasturtean zehar hizkuntza eskolara joan diren ikasleak eta zuzenean azterketara aurkezten direnak hartuko dituzte egunotan Iruñean, tartean EAEko jende ugari, euskarazko C1 maila ziurtatzeko azterketa librea egiteko aukera kendu zuelako Eusko Jaurlaritzak, eta gainerako mailetara aurkezteko ikasle libreen kopurua mugatu egin duelako EAEn. Nafarroan, baina, ez dago mugarik, eta ikasle guztien lanak zuzentzeko laguntzaile bakarra baino ez zaio gehitu lantaldeari. Idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzateke ideala, “baina guztiekin hori egitea ezinezkoa da, justu-justu dugu denbora irakurketa bakarrerako. Ahozko proban berriz, epaimahaia lehen hiru pertsonak osatzen genuen, orain bik”, kontatu dio ARGIAri Gelabertek.

"Ongi egin nahi ditugu gauzak, batetik ikasleek titulua behar dutelako eta sarri lanpostu baterako bidea delako, baina bestetik euskara maila bermatu nahi dugulako"

“Ongi egin nahi ditugu gauzak, batetik ikasleek titulua behar dutelako eta sarri lanpostu baterako bidea delako, baina bestetik euskara maila bermatu nahi dugulako, gure tituluak aukera ematen baitu adibidez irakaskuntzan aritzeko, eta maila hori ziurtatzea gure ardura da”. Baliabide pertsonal eskasek, ordea, “zuzenketen kalitateari eragiten diote eta jakina saiatuko garela bermatzen ikaslearen maila dela guk ebatzitakoa, baina denbora gehiago izango bagenu eta baliabide gehiago, eraginkorragoa litzateke ebaluazioa”.

Ikasleek eurek egin beharreko probak ere auzitan jarri ditu irakasleak: entzumen eta irakurketa ariketaz gain, egun berean hiru idazlan egin behar dituzte. “Arratsalde bakarrean, sekulako maratoia egin behar dute, C1 azterketa adibidez lau ordu pasa dira, astakeria bat, eta pentsatzen dugu horrek ere eragina izanen duela ikasleen azken emaitzan”."

"Euskara hemengo hizkuntza da, baina ez dakit beraiek oso argi duten hori, akaso hori da funtsa"

Zergatik ari dira euskara taldeak murrizten?

Garai batean, hizkuntza eskolatik erabakitzen zuten zenbat eta zein talde nahi zuten eskaini, orain aldiz Hezkuntza Departamentuak erabakitzen du zein talde itxi, zein mailatan. Eta Jaume Gelabertek azaldu duenez, urtez urte euskara ikasteko talde gero eta gutxiago dituzte (eta ondorioz gero eta irakasle gutxiago), Nafarroako Gobernutik itxi egiten dituztelako taldeak. Berdin Nafarroako aurrez aurreko beste hizkuntza eskolan, Tuteran: talde asko itxi dituzte eta irakasle bakarra du bertan euskara departamentuak.

"Ez dakigu zein irizpideren arabera hartzen dituzten halako erabakiak, ixten ari direlako ongi funtzionatzen duten taldeak, nahikoa ikasle dituztenak. Eta bestela ere, argudioa eskaera falta balitz ere, ezin da publikoa den hizkuntza eskola bat kudeatu enpresa pribatua bailitzan. Euskara hemengo hizkuntza da, baina ez dakit beraiek oso argi duten hori, akaso hori da funtsa", kritikatu du Gelabertek.