Iragan otsailean, 34 irrati lizentzia adjudikatzeko lehiaketaren oinarriak aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak. Haietarik herena euskarazkoak izango dira. Horretan, Gasteizko Hala Bedi irrati libreak bi lizentzia lortu nahi ditu, bata euskaraz hasiko duen emisioarentzat nahiko luke; gaztelaniazkoarentzat, berriz, bestea.
Egitasmoaren arduradunek –irratiaren batzarreko kideek–, azaldu digutenez, lehendik dator asmoa: “Hala Bedi irratian euskara hutsezko emisioa sortzeko ideia ez da berria, duela hamar bat urte ere kolektiboak aipatu zuen. Arrazoiak agerikoak dira: Araban sekulako hutsunea daukagu. Ez dago euskaraz eta bertan ekoizten den irratirik, Aiaraldeko esperientzia izan ezik, hau da, Uhinak irratia. Hala Bedin nolabaiteko erantzukizuna ere sentitzen genuen”. Gogo hori areagotu baino ez da egin Jaurlaritzak lizentzia berriak banatzeko lehiaketa abiarazi duenean.
Egitasmoa definitzen ari dira oraindik, nahiz eta orain artean Hala Bedik erakutsi duen bidetik joko duten: “Autogestioa eta asanblada izango ditu oinarri, eta jendearen parte-hartzeari esker joango da indartzen. Gasteizen horrelako egitasmo bati ekiteko aukera eta baliabideak dituen bakarrenetakoak gara, eta horregatik hartu genuen erabakia”.
Hala Bedi euskaraz
Ele bitan jardun du orain arte Hala Bedik, %40 euskaraz, gainerakoa gaztelaniaz. Proportzio horri eutsirik ere, ordea, euskara hutsezko bigarren emisioa dute helburu. Ez dira hutsetik abiatuko, dena den: “Azken urteotan aurrera egin du Hala Bedi irratiak euskarazko produkzioan. Bera da Araban euskarazko ekoizpen propioa daukan irrati bakarrenetakoa. Horra, esaterako, arratsaldeko ‘Zebrabidea’ saioa, hiru ordu irauten duen magazina”. Baina ez da adibide bakarra. “Denetariko irratsaioak sortu dira euskaraz azken urteotan, eta barrura begira ere nabarmena da euskarak egin duen bidea, duela urte batzuetatik hona. Emisio elebidunak bere bidea egingo du, bai, eta gero eta euskara gehiago sartzea litzateke naturalena; hori da gure asmoa, behintzat”. Hala ere, euskara hutsezkoa dute xede berri: “Gure irratiarentzat inflexio puntu bat da erabaki hau, ezinbestean”.
Asmoa plazaratu dute, eta abian da laguntza biltzeko kanpaina ere. Leloa ere badu: Geureak eta bi ematera goaz. “Lehen helburua jendeak proiektu berria ezagutzea izango da. Bigarren urratsa, bazkide berriak egitea, aurrerantzean bi irrati baten prezioan izango dutela aldarrikatuz”. Hirugarren helburua izango da garrantzizkoena: “Datorren urteari begira, emisioarekin hastea. Badakigu lan egin beharko dugula proiektua aurrera ateratzeko behar ditugun bazkide guztiak lortzeko, eta egitasmoa indartzeko jendeak parte har dezan ere saiatu beharko dugula, baina ez dago beste aukerarik. Jendeak euskarazko irrati baten beharra ikusten duen neurrian beraien laguntza ematea nahi genuke eta horretarako gure asmoen berri eman beharko diegu Arabako biztanleei”. Erakundeek lagunduko duten ikuskizun da. Hala Bedik, bestalde, ez du nortasun zeinurik galdu nahi. “Guretzat autogestioa oinarrizkoa da. Etorkizunean erakunde publikoetatik diru-laguntzak hartzea ez da guztiz baztertzen, ez gara dogmatikoak horretan, baina momentuz ez dugu bide hori hartuko eta argi daukagu gure diru baliabideak inoiz ez direla erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzen eskuetan egongo”.
Krisi aroan baitezpadakoa da biziraupen ekonomikoa. Hedabide asko kolokan den garaian, isildu den sasoian, gorago jaso nahi du bere burua Hala Bedik. “Gure biziraupena erakunde publiko eta pribatuen eskuetan ez dagoen neurrian, lasai gaude. Autogestioak horixe erakutsi digu, lortu beharrekoa geure kabuz lortu beharko dugula, horretarako ditugun baliabideak aprobetxatzen”. Ahal denean, dena; ezin denean, ahal dena: “Aukera dagoenean indar egiten eta ezin denean, berriz, daukazunarekin konformatzen. Asko esatea da beharbada, baina datozen urteetan autogestioa eta ‘do it yourself’ filosofia pil-pilean egongo direla esango genuke”. Kritika hitzik ere badute erakundeekiko morrontzaren inguruan. “Azken urteetan proiektu gehiegi jarri dira instituzioen momentuko borondatearen esku, eta horrek baditu arriskuak. Guk jendarteak babesa ematen digun neurrian egingo dugu aurrera. Maiz errepikatzen da, eta balioa galdu duen zerbait ere bada, baina gure bazkiderik gabe Hala Bedik ez dauka zentzurik, beraiek dira benetan irrati honen arima”.
Inoiz esan dutenez, “freskoa, hurbilekoa, zirikatzailea eta gustu eta adin guztietarakoa” nahiko lukete Hala Bedi, hala oraingo ele bikoa, nola euskara hutsezkoa. Eta lanean ari dira, hori horrela izan dadin. Lehenik eta behin, prestaketa lanak egingo dituzte uda atarian. “Ekainaren hasieran tailerrak egingo ditugu nahi duen guztiarentzat. Unibertsitatean egingo den hitzaldi batekin hasiko dira tailerrak eta hiru egunez ariko gara irratia egitea zer den ikasten. Zerbait dinamikoa eta parte hartzailea izango da. Tailer hauetatik etorkizuneko proiektuan parte hartuko duen jendea ateratzea espero dugu. Datorren ikasturtean ere egingo ditugu beste tailer batzuk, denon artean proiektua zehazteko eta edukiz betetzeko”.
Hala Bedik irrati modu jakin bat egiten duela erakutsi du orain arteko ibilian eta, ageriko denez, horrixe eutsiko dio euskarazko emisioan ere. “Guretzat oso garrantzitsua da Gasteizko elkarteek beraien ahotsa edukitzea gure irratian. Beste komunikabideetan entzuten ez diren edo isilarazten diren gizarte eragileek eta kolektiboek beraien lekua izango dute euskarazko irratian. Horrekin batera, beste irrati batzuetan entzuten ez diren musika taldeak zein beste irratietan lantzen ez diren gaien inguruko saioekin osatu nahi genuke programazioa”. Zehazteko moduan dira asmoa, gainera. Dena ez da gaurkotasuna izango: “Aisialdia, sexua, bidaiak, sukaldaritza... jendearekin hitz egin beharko da lehenengo eta gero pausoz pauso aurrera egin. Martxan jarri ahala, aliantza berriak sortuz joango dira, hori seguru”. Aliantza horietan, Arrosa irrati sarea dute lehenengo lagun, hau da, Euskal Herri osoko hainbat irrati biltzen dituena. Herri eta eskualde mailakoak, gehienak. “Bai, garrantzi berezia ematen diogu Arrosa irrati sareari, horrek eman dezakeenari. Bertan elkartzen garen Euskal Herriko irratien artean, pauso berriak eman beharko ditugula aurreikusten dugu”.
Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.
Aurten, eguneroko Suelta la Olla, Hizpidea eta Arrosa sareak ekoitzitako Zebrabidea magazinez gain, 42 irratsaio propio izango dira entzungai Hala Bedi irratiaren uhinetan. Euskaraz 14 irratsaio egingo dira, 27 gaztelaniaz eta galizieraz bat.
Hala Bedik Izan Media tailerren edizio berria antolatu du. Tailer hauen helburua herri mugimenduak zein norbanakoak komunikazioaren arloan ahalduntzea da, eta bide batez, Hala Bediren proiektu komunikatiboan inplikatzea.
Azken urteko diru-sarreren gutxitzeari aurre egiteko kanpaina abiatu du Hala Bedik. Komunikabide independentea izaten jarraitzeko, bere independentzia ekonomikoa bermatu nahi du.
Auzia ixtea erabaki du epaileak Ertzainaren deklarazioa jaso ostean. Hala Bedik aurreratu du helegitea jarriko duela.
Azaroaren 23 goizean kereila aurkeztu dute Hala Bediko kideek, Arabako Justizia Jauregian, Talka espazio feministako desalojoan kazteari baten lana oztopatu zuen polizia agentearen aurka. Hala Bedik informatzen, poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak... [+]
Kazetarien Euskal Elkargoak (KEE) eta Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE) ohar irmoa kaleratu dute, informatzeko eskubidearen aurka Gasteizen poliziaren eskutik jazotakoa salatuz.
Martxoaren 2an irekiko da Euskal Udalekuetan izena emateko kanpaina.
Asteazkenetan 20:00etan zuzenean aireratzen da Hala Bedi irratian Bertxoko irratsaioa (hemen orain arteko saioak entzungai) eta Arrosa Sareko beste hainbat irratitan ere entzun daiteke. Umore askeaz eta euskalkiak nahastuz jorratzen dute aktualitatea eta grabatutako bertsoaldiak... [+]
Bi data berri aurkeztu ditu Muinoko Hotsak egitasmoak: urtarrilaren 31a eta martxoaren 14a. Gaztetxeko oholtza gainean, berriz, Lepora, Lisabö, Red Iron Squad eta Sexty Sexers taldeak.
Jon Etxebarria, Hala Bediko kidea: Egin ARGIAkoa hedabide independenteen arteko elkarlana elikatzeko.