Ostiral honetan, irailaren 27an, euskarari buruzko mahai-inguru publikoa antolatu dugu Baionan, ARGIAren mendeurrena kari. “Euskara Ipar Euskal Herrian” da gaia. Euskararen osasuna Euskal Hirigune Elkargoa eratu zenetik agertzea da eztabaidaren xede nagusia eta Jean-Claude Iriart Baionako hautetsia eta Euskal Elkargoko kidea, Marie Andrée Ouret Biga Bai guraso elkarteko kidea eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakaslea izango ditugu mahaiaren bueltan.
Euskararen oraina azaldu nahi dugu, etorkizunari begira dituen ahalak edo eskasiak azpimarratuz, itxaropenak edota etsipenak agertuz. Edonola ere, aitzina begiratzeko iraganaren gainean behako bat ematea baitezpadakoa dugunez, hiru puntu hauen gainean solastatuko gara:
1. 60 urte: Euskara Batuaren hastapena Ipar Euskal Herrian. 50 urte Seaska sortu zela. AEK-k (Gau-eskolak) 40 urte ditu, baita Euskal Irratiek ere. Erakunde eta mugimenduak herritik sortu ziren. Euskal Kultur Erakundea (EKE) besteak beste.
2. Bidean bide, Euskal Elkargoa eratu den bitartean, Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) edota Euskal Konfederazioa aritu izan dira, eta ari dira. Halaber, horien aintzinetik edo gibelean, euskararen aldeko elkarteen eta taldeetako arizaleak.
3. Gaur egunera etorrita, 2017an sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa. Iragana eta geroaren arteko instituzio mugarriaz ariko gara, euskalgintzaren egoeraz ariko gara Euskal Elkargoa eratu ondoren.