Kasia Mirgos poloniarrak primeran egiten du euskaraz, baina berari, horrek ez dio harridurarik eragiten. Uda Orion pasa ostean, herriarekin maiteminduta itzuli da etxera.
"Nire lagun poloniar batek harritzeko moduan egiten du euskaraz. Agian, interesgarria izango zaizue aldizkarirako". Erredakziora iritsitako abisu horri esker juntatu ginen Kasiarekin, Poloniara itzuli bezperan. Elkarrizketa hasi aurreko kafeak eskatzerako harrapatu gintuen bere euskarazko ahozko mailak.
Garbi-garbi egiten duzu euskaraz. Nolatan?
Poloniako Unibertsitatean Antropologia ikasketak egin nituen gaztetan, eta ikasgai batean euskara ikasteko aukera eskaini ziguten. Lehen egunetik hizkuntzak bete-betean harrapatzeaz gain, Euskal Herria ezagutzeko irrika piztu zidan. Hurrengo urtean egin nuen lehen bidaia, lagun batekin. Autostop egiten etorri ginen Poloniatik, hiru egunetan! (kar, kar, kar).
Bidaia hartan, ausartu al zinen euskaldunei euskaraz egitera?
Bai, bai! Gainera, gauza kuriosoa gertatu zitzaidan. Hemengoei euskaraz egiten nien lehen hitza, baina askok gazteleraz egiteko eskatzen zidaten... Nik, ordea, jakin ez!
Sarri bisitatu duzu Euskal Herria, lan kontuengatik.
Antropologia ikuspuntutik, euskara asko interesatu zitzaidan hasieratik, eta unibertsitateko ikerketa eta proiektuak Euskal Herriaren eta euskararen historiara bideratzen saiatu naiz. Horren harira, duela hamasei urtetik ia urtero egin dut bidaiaren bat hona, leku batera edo bestera. Hau nire bigarren etxea da gaur egun. Niretzat oso garrantzitsuak diren lagun asko ditut hemen. Egia esan, euskararen berri izan, eta hizkuntza ikasten eta ikertzen hasteak, bizitza aldatu zidan.
Polonian jende dezentek du euskal kulturarekiko interesa, ezta?
Garai batean, hango jendeak Euskal Herriaz zuen ezagutzaren zati handi bat ETAren jardunera mugatzen zen, gatazka armatura. Pertzepzio hori aldatzeko lanari ekin genion, eta euskal kulturarekin loturiko tailerrak, kontzertuak, hitzaldiak, literatura itzulpenak... egiten hasi ginen. Horrela sortu zen mugimendua. Gaur egun, Poloniako jendearentzat oso aberasgarria dela iruditzen zait.
Zein dituzu euskal sortzaile gustukoenak?
Benito Lertxundiren musika oso berezia da niretzat. Hango lagun batek lertxunditis gaixotasuna nuela esaten zidan, bere abestiekin ematen nuen matrakagatik! (kar, kar, kar). Mikel Laboa, Jabier Muguruza eta Izaro ere gustuko ditut. Idazleen artean Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia eta Rikardo Arregi nabarmenduko nituzke. Kalitatezko sortzaile ugari dituzue hemen!
Elkarrizketa hau Karkarak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.