argia.eus
INPRIMATU
Naziometroaren seigarren neurketa
Euskara ez dago euskal herritar sentimendua garatzeko gako nagusien artean
  • Euskal Burujabetzaren Barometroaren seigarren neurketa aurkeztu dute asteartean Donostian. Euskara ez dago euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean, baina gaztelera eta frantsesa dira lehenbizikoa sentimendu espainiar edota frantsesa garatzeko orduan. Euskal Herriarekiko atxikimendua da nagusia oro har, baina Nafarroan Nafarroarekikoa gailentzen da. Herritarren %35.2ak egingo luke euskal estatuaren alde eta %26,8ak aurka “onartutako” erreferendum batean, baina %25,6 dago independentziaren alde eta %43 aurka.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko irailaren 18a

Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak egiten dute Naziometroa. Seigarren neurketa honetarako 1.422 inkesta egin dituzte, 2024ko apirilean. Emaitza esanguratsuenetako batzuk jaso ditugu albiste honetan, baina osorik dago eskuragai hemen.

Sentimendu eta atxikimenduak

Euskal Herri osoan, atxikimendu handiena duena euskal herritar sentimendua da (0-10 eskalan 7,8), espainiar eta frantziar sentimenduen gainetik (6,4). Ipar Euskal Herrian bi nortasunek dute atxikimendu handiagoa (euskaldunak 8,8; frantziarrak 7,6) Araban, Gipuzkoa eta Bizkaian baino (euskaldunak 8,5; espainiarrak 6,1). “Bien arteko alde handiena estatu identitatearekiko atxikimenduan ikusten da. EAEn nabarmen baxuagoa da eta bertan 10eko atxikimendua duten herritarren proportzioa % 13,7 den bitartean, Ipar Euskal Herrian % 32,6koa da”.

Nafarroan, aldiz, atxikimendu positiboena nafar sentimenduak du (8,5), espainiarraren (7,2) eta euskaldunaren (4,8) gainetik. Nafarroan bada beste datu esanguratsu bat: “Euskal herritar sentimenduak herritar zati handi batean kontrakotasun handia eragiten du (%23,2k 0 atxikimendua adierazi du)”.

 

 

 

Grafikoa: Naziometroa

 

 

 

Hizkuntza eta atxikimendurako gakoak

Atxikimendu bat edo bestea garatzeko garrantzitsuenak diren gakoengatik galdetu du Naziometroak, eta hor hizkuntzari ematen zaion garrantzi ezberdina deigarria da.

Herritarren arabera, hizkuntzak dira (frantsesa edo gaztelania) elementu erabakigarriena Frantziaren edo Espainiaren parte sentitzeko (7,8). Ondoren doaz agiri ofizialen jabe izatea, “Frantzian edo Espainian bizitzea” edo “ohitura eta tradizioak partekatzea”. Aldiz, euskal herritar sentitzeko gako nagusia “nahia” litzateke (8,1), bigarren eta hirugarren postuan daude Euskal Herrian bizitzea (7,9) eta “bertako ohiturak eta tradizioak partekatzea” (7,8), laugarren Euskal Herrian bizitzea (7,9) eta bertako ohiturak eta tradizioak partekatzea (7,8), laugarren agiri ofizialak izatea (7,4), bosgarren Euskal Herrian jaio izana (7,3), eta seigarren postuan agertzen da “euskaraz hitz egin ahal izatea” (6,8). Nafar eta ez euskal herritar sentitzen diren nafarrei ere galdetu zaie bere sentimenduaren euskarri garrantzitsuenez, eta 2,3ko puntuazioa du euskaldun izateak.

 

 

 

Grafikoa: Naziometroa

 

 

 

 

 

 

Grafikoa: Naziometroa

 

 

 

 

 

 

Grafikoa: Naziometroa

 

 

 

Taupada independentistaz

Euskal Herri barnean zein estatuekin “egoera adostu eta onartu batean” egingo balitz erreferendum bat, herritarren %35.2ak egingo luke alde, eta %26,8ak aurka. Aldiz, Frantzia edo Espainiatik independizatzeaz galdetuta, datuak jarrerak nabarmen aldatzen dira: independentziarekin “ados” edo “oso ados” azaldu da herritarren %25,6, baina “desados” edo “oso desados” %43a.

Ezberdintasun horren zergatiak identifikatzeko asmoz, hiru esaldiren inguruko adostasun edo desadostasunaz egin die galde herritarrei Naziometroak. Lehena, “euskal estatua lortzea ezinbestekoa da, edozein modutan erdietsita”: % 53,7 “kontra” edo “oso kontra”, %29,4 “alde” edo “oso alde”. “Euskal estatuaren alde nengoke, horrek gatazkarik sortzen ez badu” eta “independentismoa ez zait erakargarria egiten” izan dira beste bi galderak: herritarren %66 agertu da ados edo oso ados.

“Aurretik egin diren hipotesiak indartu egiten dira, hau da, independentismoak aktibatzen dituen iruditegiak eta proiekzioak ez dira positiboak jende multzo honetan, eta horrelako prozesu bat modu gatazkatsuan ulertzeak edo ikusteak, jende bati atzera eginarazten dio”, ondorioztatu du Naziometroak.