argia.eus
INPRIMATU
Euskara eta turismoa lotzeko ekimenak landu dituzte Oriok, Zumaiak, Azpeitiak eta Nafarroako Gobernuak
  • UEMAren ustez Nafarroako Turismo Planak euskara kultur ondare garrantzitsutzat hartu izana aitzindaria da.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 06a
Zumaian itsasontziko turistei euskarari buruz duten pertzeptzioaz galdetuko diote. Argazkia: Geoparkearen webgunea.

UEMA apirilaz geroztik ari da hausnarketan, hau da, hainbat galdera egiten: Zer eragin du turismoak hizkuntzen erabileran? Turista asko jasotzen dituzten herrietan euskararen erabilera areagotu daiteke? Eta euskara ondare bezala nabarmentzeak edo euskararekin lotutako ekitaldiak bereziki sustatzeak eraldatu dezake bisitariaren esperientzia?

Gogoetez gain ekintza xumeak ere gauzatzen hasiak dira. Duela gutxi eman genuen ARGIAn Azpeitibizi egitasmoaren berri. Euskara eskaintza turistikoaren erdigunean jartzeko asmoz webgunea sortu du Azpeitiko Udalak.

Orion, abuztu betea baino lehen, herriko taberna eta jatetxeak banaka-banaka bisitatuko dituzte haien paisaia linguistikoa euskaraz emateko bitartekoak eskaintzeko. Menuak, prezio-zerrendak, eskaintzen kartelak, kanpoko arbeletako mezuak eta abar euskaraz jartzeko laguntzak emango dizkiete. Bitartekoak eskaintzeaz gain, euskara herriaren marka dela azaltzen saiatuko dira ostalariei. Gainerako establezimenduak udazkenean bisitatuko dituzte.

Zumaiak galdetegia prestatu eta ondoko guneetan banatu du: herriko ostalaritza alojamenduetan, Algorri Interpretazio Zentroan eta Geoparkeko bisita gidatuetako txalupetan. Euskarari buruz duten pertzepzioaz galdetuko diete bisitariei.

Baztan, Malerreka eta Bortzirietan euskara lehen planora

Udal eta mankomunitate horiek egindako eskaera izan zen. Gobernua Turismo plan estrategikoa prestatzen ari zenean bi eskakizun zehatz egin zituzten. Batetik, eskualdeko promozio turistikoa egiterakoan, euskarrietan edo ekintzetan euskara egotea edo lehenestea. Bestetik, promozio euskarrietan kulturaz, ohiturez edo paisaiaz ari diren bezala hizkuntzaz ere aritzea. Plan estrategikoak jaso du “euskara kultur ondare garrantzitsua eta berezia” dela.