‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Sexu-gero disidentzia hizkuntzara ekartzea du helburu Ehgam Nafarroak antolaturiko Xoka Jite disidenteak jardunaldiak. “Horretarako, guk asmatutako hitzaz baliatzen gara. Tokatik eta nokatik harago, xoka ere bada. Hau da, genero sistema ez-binarioa”, azaldu du Kepa Yecorak, Ehgam Nafarroako kideak. Azpimarratu du Labarekin eta Bilgune Feministarekin egindako elkarlana dela: “Oso garrantzitsua da norekin eta zein helbururekin egiten ditugun aliantzak”. Azaroaren 5ean, 13an eta 19an, 19:00etan, Iruñeko Laban izanen dira.
Iaz ere heldu zioten gaiari, ikusi zutelako asko zegoela hausnartzeko. Ana Jakak hizlari moduan parte hartu zuen Ehgam Nafarroako kide izan baino lehen. Gatx Eizagirre bollera transfeminista ez-binarioarekin batera euskal diskuntzaz mintzatu ziren. Hau da, euskararen bidez pertsona sexu-genero disidenteek euren burua eta praktikak izendatzeko dauden tresnez eta sortu daitezkeen baliabideez, besteak beste. “Ahalduntze prozesu bat izan da. Ez nuen neure burua ikusten hizkuntza borrokarako tresna bezala erabiltzen. Horren ostean, ikusi dut hizkuntzari buelta bat ematea oso polita dela”, esan du Jakak.
Azaroaren 5ean, Bilgune Feministako Ekhi Petriatik eta Amaia Zufiak Dekolonizazioa. Araka ditzagun gure bazterrak hitzaldia emanen dute. Iazko jardunaldietako lehenengo hitzaldia izatea nahi zuten, baina greba feminista zela eta, ezin izan zuten egin. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu aztertzea nondik eta nola egiten ditugun diskurtsoak. Bi alde ditu diskurtsoak; alde batetik, hegemonikoa: espainiarrak, frantsesak, europarrak eta zuriak gara. Bestetik, euskaldunak gara, non eta Nafarroan. Aztertu nahi dugu nola egin diskurtso horiek hizkuntza gutxitu batean eta autodeterminazioa nahi duen herri batean”, azaldu du Yecorak.
Barrura eta kanpora begiratzeko eta askotariko esperientziak kontuan hartzen dituzten diskurtsoak sortzeko saio bat izanen da: “Kolonizatuak garen heinean sortzen ditugun diskurtsoak guk egindakoak ala inposatuak diren aztertu behar dugu”. Gaineratu du argi dagoela diskurtsoak ezin direla eraiki soilik klase ertaineko pertsonen esperientziekin eta espektatibekin: “Bestelako bizipenak ekarri behar ditugu erdigunera, baina euskaraz”.
Kulturatik hausnartzen
Bigarren saioan, azaroaren 13an, Itxaro Borda eta Juanjo Olasagarre idazleek hartuko dute lekukoa. Kuir literarioak hitzaldia emanen dute. Aztertu nahi dute kuir literaturak zein ezaugarri dituen, hizlariek nola ikusten duten euren burua eta zein erreferente dituzten.
Bollobertsoak saioarekin amaituko dute zikloa azaroaren 19an. Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Maider Arregi bertsolariak bertsotan aritzeaz gain, haiekin solastatzeko aukera ere egonen da. “Antzerkian ohikoagoa izaten da ikuskizunen ostean aktoreekin mintzatzea. Horretan inspiratu gara”, esan du Jakak. Gaiarekiko interes “handia” dauka, bollo bertso saioak ezagutu arte ez zuelako bertsolaritzarekiko interes handirik: “Orain arteko formak oso arrotzak egiten zitzaizkidan. Bollo bertsolariek oso opari polita egin digute bertsolaritzatik urrun geundenoi".
Gaineratu du bertsolaritzaren iruditegian “euskalkidun gizon zuri gipuzkoarrak” daudela. Horregatik, eskertu du bollo bertsolariek disidentziak plazara eramateko egindako lana: “Iruditzen zait inportantea ikustea ez dela norbanako batek egindako zerbait, baizik ea antolatuta daudela eta kolektibo bat direla”.