Azken denboran sarri entzuten ditugun hitz konplexu eta mamitsuak dira: euskalgintza, estatugintza, naziogintza… Garai aldaketa batean gaudela dudarik ez dago: kezkak, ezinegonak, dudak… Baina zer iradokitzen digute kontzeptu horiek? Zeintzuk dira beraien arteko lotuneak? Helburuak edo soilik bitartekoak al dira eraiki nahi edo ari garen Euskal Herri “berri”, “sozialista”, “feminista”... honen baitan? Gai hauek izan dira besteak beste ekainaren 25 eta 26an Iruñeako Katakrak liburutegiko "Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian" jardunaldietan eztabaidatu direnak.
Nazioaz mintzatzea beti da konplikatua, Joxe Azurmendi filosofo eta EHUko irakasle emerituak esan zuen bezala “nik ez dut soluzio definitiborik“. Greziako nazio kontzeptua komunitate prepolitiko bat da, izatez naturala dena, espainiar nazionalismoaren ideiaren guztiz aurkakoa: Rosa Díez UPyD alderdi Espainiarreko kideak Kataluniaren inguruan esandakoak hor daude: “legea nazioa egiten duena da, eta ez folklorismoa bezalako asmakuntzak”. Espainiar nazionalismoaren aburuz nazioak politikoa ez bada, ez du ezertarako balio.
Nazioa ez da soilik politikoa izatera mugatzen. Lehenik eta behin komunitate linguistikoa da Azurmendiren ustez: “Hizkuntzak egiten gaitu euskaldun”. Autokritikarako parada ere badauka filosofoak: “Euskal Herrian ez gara gai izan modernitateari aurre egiteko”, eta gertaera hau kanpokoen erasoen ondorio izateaz gain, “gure erantzunkizuna ere bada”. Euskal komunitateak galera asko eta irabazi gutxi izan ditu: Euskal Herrian nazioaren kontzeptua agortuta omen dago. Bere ustez “nazioaren espiritua politikan baino mendizaletasunean ikusten da” (…) “Ez gara izan ginena eta ez gara iritsi ezer berririk izatera”. Horregatik nazioaren izate natural hori berreskuratu behar dela azpimarratzen du: “Aberri egunak, Korrika, bertsolari txapelketak, Nafarroaren egunetan… parte hartzea garrantzitsua da”.
Euskaldun izatea zer da?
Baina zerk egiten gaitu euskaldun?, galdera plazaratu zuenean eguneko eztabaidari bide eman zion filosofoak. Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak Berrian idatzitako artikulua mintzagai hartuta. Bertan “euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik”. Azurmedik dio alergikoa dela "erredukzionismoei”. Ondorengo galdera luzatzen du: “subalternitatea al da euskaldun eta emakume guztien desberdintasun guztiak biltzen dituen esentzia platoniko berria?” Artikuluaren biktimismo jarrera errefusatuaz esan zuen: “ni naizen dena euskalduna naiz, nahiz eta Göethe irakurri eta nire emaztearekin alemanez mintzatu”. Goikoetxeak erantzun zion subalternitateak ez daukala biktima kontzeptuarekin zerikusirik: “Subalternitatea borrokarako gida da, indar botere posizioa”. Goikoetxeak sozioekonomian, immigranteen gaietan eta generoan oinarritutako Estatu feminista defendatzen du. Idurre Eskisabel EHUko kazetaritza irakasleak iritzia konpartitzen du eta “demokrazian eta subalternitatean oinarritutako Amaiur berri bat” sortzearen alde mintzatu zen.
Euskalgintza eta Estatugintza
Euskalgintzak eta Estatugintzak ere eztabaidarenparte handia bereganatu zuten. Txillardegik 60ko hamarkadan defendatu zuen jarreraren alde mintzatu ziren Mario Zubiaga EHUko irakaslea eta Alaitz Aizpuru eta Andoni Olariaga filosofoak, besteak beste. Txillardegik zioen euskara mantendu nahi bada halabeharrez Euskal Estatua behar dela. Hala ere Zubiagaren ustez euskalgintza eta politikagintzaren parametroak “agortuta daude”, eta garaia da “euskal nazioa” zer den definitzea baino “euskal” kontzeptua zer den birpentsatzeko, euskarak “kate maila eraginkor bat” behar baitu. Euskararen erakargarritasunari garrantzi berezia eman zioten Zubiagak eta Koldo Izagirre idazleak: “Euskarak diktadura garaian zeukan erakargarritasuna berreskuratu behar du”. Bide beretik Iñaki Martinez de Luna hizkuntzalariak jendea euskarara gerturatzeko “limurtu” egin behar dela esan zuen: “Euskarak marketin kanpaina eraginkorra behar du”.
Estatugintzak eta euskalgintzak helmugak baino bitartekoak dira Eduardo Apodaka pentsalariaren ustez. Hala ere, estatu egonkor bat lortzeko burujabetzaz gain “gutasuna” birsortu behar omen da. Azken ideia honekin ados dago Gaizka Aranguren kazetaria: “Irudimen kolektiboak bere gutasuna galdu du, orain lehentasuna gutasun hau berreskuratzea da”.
Jardunaldiek askorako eman zuten. Mahai-inguruan Olariagak esan zuen baikortasunez begiratu behar zaiola egindako guztiari baina beti ere kontuan izanik Sarrionaindiak Moroak gara behelaino artean? liburuan idatzitakoa: “Euskal nazioa ez da eginda dagoen zerbait eta euskaldunak, besteak bezala, egiten dutena izango dira”.