argia.eus
INPRIMATU
Euskara eskubidea aldarrikatu dute milaka pertsonak Iruñean
  • 5.000 pertsonak bat egin zuten Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen zuen manifestazio koloretsuarekin. Haur eskoletako gurasoek, Mendigorriko familiek eta NUPeko ikasleek hizkuntza eskubideetan “atzerapausorik ez ematera eta aurrera egitera dei egin zuten”.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko martxoaren 02a
Milaka pertsonak berriz eskatu zuten Iruñean euskaraz bizitzeko eskubidea aintzat hartzeko.

Haurren gurditxoek ireki zuten manifestazioa, ilara luzea osatuz eta txikiek ehunka puxika gorri eskuetan zutelarik. Atzean pankarta, “Euskara Eskubidea, Ni más Ni Menos” (Euskara eskubidea, ez gutxiago ez gehiago) leloarekin. Pankartari eusten Iruñeko eta Antsoaingo haur eskoletako gurasoak, NUPeko ikasleak eta Mendigorriko eskolako gurasoak zeuden. Atzetik, deialdiarekin bat egin zuten milaka pertsonek. Golem zinemetatik, Sarasate pasealekuraino. Bertan bukatu zen protesta jai giroan eta ehunka puxiken dantza tartean.

Nafarroako Gobernuari dei zuzena egin zion Ainhoa Oiaga Iruñeko haur eskola euskaldunetako amak: “Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia»”. Unai Irigarai NUPeko ikasleak ere mikrofonoa hartu zuen: “Gure lingua navarrorum ukatuz elebakartasunera kondenatu nahi gaituzten agintariak haien teilatu gorriari harrika ari zaizkio”. Iñigo Lerga aita mendigorriarrak azaldu zuen Nafarroako Gobernuak ez duela bere herriko eskolan D eredua jarri nahi: “Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako tratatuak, aukera berdintasuna ukatuz”. Gogora ekarri zuen Castejongo eskolan ez dietela PAI ingelesezko programa alde batera uzten utzi, eta Sakanan arazoak dituztela Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko.

Ahotsa.info-ren ondorengo bideoan ikus daiteke ere mobilizazioa: