Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.
Donostiako Udaleko zuzendari izateko hainbat baldintza bete behar dira, horien artean, euskara maila jakin bat egiaztatzea. Bada, ordea, salbuespena, eta halaxe egin dute Donostiako Udaleko PSE-EEk eta EAJk. Hain justu, udaleko osoko bilkurak erabaki arrazoitu baten bidez zehaztu dezake zuzendari postu bat udal langilea ez den norbaiti ematea, eta horrela funtzionarioek bete beharreko baldintzak bertan behera gelditzen dira.
Osasun eta Ingurumen zuzendaria eta Pertsonen Kudeaketarako zuzendaria direla euskara mailarik eskatu gabe kontratatuko dituzten karguak, argitu du LABek. Izan ere Ekonomia, Tokiko Enplegu eta Ekologia zinegotzi den PSE-EEko Marisol Garmendiak eta Pertsonen, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Aurrekontuen zinegotzi den EAJko Kerman Orbegozok jada egin dituzte bi zuzendari horiek salbuespenezko prozeduraren bitartez izendatzeko justifikazio txostenak.
Berriak elkarrizketatu duen Donostiako Udaleko LAB sindikatuko Sail Sindikaleko Joseba Alvarezek argitu du euskara eskakizunik ez egiteak eragina izan dezakeela zuzentzen dituzten sailetako hizkuntza ohituretan. Gaur-gaurkoz, Pertsonen Kudeaketarako Sailean gehiengo zabalak euskara menperatzen duela dio, eta horregatik euskaraz funtzionatzeko arazorik ez dagoela azpimarratu du. Kontrara, zuzendariak euskara ez badu menperatzen, euskarazko funtzionamendu guztia “oztopatu” egiten dela gaineratu du.