argia.eus
INPRIMATU
Euskara ez da meritu izango: erreakzioak
PSN, Nafarroako Gobernua osatzen duten gainerako alderdien kontrako norabidean
  • Nafarroako Auzitegi Gorenak hala erabakita, euskaldunak ez diren edo hizkuntza aldetik mistoak diren eremuetan euskara ez da meritu gisa hartuko. Erabakiak haserrea eragin du gizarte eragile eta ordezkari politikoen artean.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 02a
Euskararen aldeko manifestazio baten artxiboko irudia / Ahotsa.info

Ahal Duguk, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdien "urgentziazko" bilera eskatu du, epaiari zer erantzun eman erabakitzeko. Ainhoa Aznarez parlamentariak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, aurreko legegintzaldian emandako aurrerapausoetan "ezin da atzera egin". Salatu du Nafarroako Auzitegiaren epaiarekin eremu euskaldunera mugatzen dela administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea.

EH Bilduko bozeramale Bakartxo Ruizek esan du "neurriak hartu" behar direla, eta alderdiak "berehala" jarriko duela mahai gainean euskararen lege berri baten beharra eta berria egiteko eskaria. "Izugarria, tamalgarria iruditzen zait Nafarroako administrazioan lan egiteko alemana edota frantsesa baloratzea eta euskararen ezagutzagatik punturik jaso ezin izatea", salatu du Ruizek Euskalerria Irratian.

Zentzu berean mintzatu da Geroa Bai koalizioa. "Epaiarekin, atzerriko edozein hizkuntzaren ezagutzak Nafarroako hizkuntza propio baten ezagutzak, hots, euskararenak, baino balio handiagoa" duela deitoratu du. Azpimarratu duenez, epai honekin euskara ez da meritu lehiaketan baloratuko, euskara ez dakiena baztertzen dela esaten duelako, "baina aldi berean paradoxa sor daiteke ingelesa, frantsesa, italiera edo alemaniera bezalako atzerriko hizkuntzen ezagutza baloratzen baita". Nafarroako Gobernuari eskatu dio epai honen aurrean kasazio helegitea jar dezan "Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin".

Bestalde, Alternatibak, Nafarroako euskaldunen "hizkuntza eskubideen ukazioa eta zapalkuntza" salatu ditu.

PSN: "Auzitegiaren ebazpenak alderdiaren jarrera berresten du"

PSNren eta Navarra Sumaren erreakzioak kontrako norabidean datoz. PSNko antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek adierazi du ebazpenak alderdiaren jarrera "berresten" duela. Euskararen foru dekretua "baztertzailea" dela dio, eta ez datorrela bat Nafarroako erralitate soziolinguiztikoarekin. "Euskara", esan du, "ezin da konfrontaziorako elementua izan, ezta politikoki erabilia ere". Antzeko terminoetan hitz egin dute Navarra Suma koalizioko parlamentari Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Marta Alvarezek: "Auzitegiek gure jarrera babesten dute; euskal hiztunak ez diren herritar guztiak baztertzen zituen foru dekretuak. Kolpe gogorra da Chiviteren kideentzat". Hura buru duen Nafarroako Gobernuak ebazpena errespetatu behar duela dio Navarra Sumak.

Kontseilua: "Hizkuntza eskubideak legez blindatu behar ditugu epaileen menpe egon ez daitezen"

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziak ez du sorpresaz harrapatu Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia. “Esana genuen herritarrak eta hizkuntza eskubideak hobeki blindatu behar zirela” adierazi du Euskalerria Irratian Bilbaok “gaur egungo lege markoak horrelako epaiak ahalbidetzen ditu. Euskararen Lege berria behar dugu hizkuntza eskubideak epaitegien menpe ez izateko”.

Hainbat eragileren artean hautsak harrotu ditu ebazpenak: