argia.eus
INPRIMATU
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren
  • Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen Valladoliden.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 26a

Berriz ere euskararen erabilera ezbaian jarri dute hainbat kazetarik futboleko prentsaurreko batean. Oraingoan Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea izan da kexa horien jomuga.

Diario Vasco-k eta Naiz-ek informatu dutenez, Nizaren kontra asteazkenean Realak jokatu zuen Europako Ligako partiduaren aurretik egindako prentsaurrekoan, ETBko eta Euskadi Irratiko galderei euskaraz erantzuten ari zirela, bertako hainbat kazetarik kexa eta haserrea adierazi zuten, ez zutelako ulertzen esaten ari zena. Hedabide horien esanetan, kazetari batzuek galderak nizarrez –Okzitanieraren aldaera– egingo zituztela ere esan zuten, mehatxu moduan, honek euskaraz erantzuten jarraituz gero.

Euskal kazetariek, egoera ikusita, proposatu zuten berentzat adierazpenak aparte jasotzea, entrenatzaileak hala nahi bazuen, baina Realeko komunikazio arduradunak, irmo erabaki zuen aurrera jarraitzea prentsaurrekoarekin eta Alguacilek Nizan zeuden euskal hedabideei euskaraz erantzuten jarraitu zuen. ETBren albistean ez da eztabaida horren inguruko irudirik ageri.

Pasa den astean Valladoliden kontrako futbol partiduan antzeko egoera bizi behar izan zuen entrenatzaile berak, baina kasu honetan kazetari espainiar baten eskutik.

Ez da lehen aldia lehen mailako futbol partida batean euskararen erabilera ezbaian jartzen dela prentsaurrekoetan. 2015ean Gaizka Garitano Eibarreko futbol taldeko entrenatzaileak aretoa utzi zuen haserre Almerian, euskaraz ari zela kazetariak protestan ari zirelako. Erreakzio horrek oihartzun zabala izan zuen.