Elikadura burujabetza eta jasangarritasuna bultzatzeko dinamika da Elikaldia, eta Euskaraldia bezala, ariketa sozial bat izan nahi du”. Urtzi Ugalde Elikaldia egitasmoko kidearen hitzak dira. Urriaren 16tik 21era egingo da ekimena lehen aldiz, Bilboko Alde Zaharrean. Asmoa, herritarrak euren kontsumo ohituren inguruan hausnartzera bultzatzea eta horiek eraldatzea da. Lehen esperientzia pilotua izanen da aurtengoa, antolatzaileak dioen bezala, txikitik eta pixkanaka eragin nahi baitute. Aurrera begira, baina, egitasmoa zabaltzeko aukerarik egonen dela dio.
“Euskarak eta elikadurak badituzte antzekotasunak: denona da, baina aldi berean, ez da inorena”, dio Ugaldek. Horregatik, Euskaraldiaren erreferentzia aski ezaguna hartu eta elikadurara ekarri dituzte bertako rol desberdinak: Elikalagunak, Elikaguneak eta Elikaproduktuak izanen dira aukerak, kasu honetan. “Egun batzuetan zehar haien kontsumo ohiturak aldatzeko eta eraldatzeko modu aktiboan jokatuko dutenak dira Elikalagunak; pertsona horiek erosketak egin ahal izango dituzten tokiak, Elikaguneak; eta horietan topatuko dituzten produktuak, Elikaproduktuak”.
Baina, nondik sortu da ekimen berezi hau? Horrela azaldu digu kideak: “Elikaduraren nazioareko egunaren harira, zerbait egiteko lanean hasi ginen lehenagotik elikadura burujabetzaren eta jasangarritasunaren bueltan genbiltzan hainbat talde”. Horrela sortu zen ideia, eta horrela eraman dute aurrera. Ekimen hau antolatzeko Bizkaiko ekoizle agroekologikoekin daude harremanetan.
Bilbon modu jasangarrian elikatzeko dauden aukerei begira, nahiko plaza zaila dela azaldu du Ugaldek: “Alde batetik, oso espazio txikian komertzio asko dagoen tokiak dira Alde Zaharra eta Bilbo Zaharra, baina, aldi berean, azken hamarkadetan bilakaera oso bortitza izan du, elikadura kate handi asko sartu dira eta komertzio txiki askok itxi egin dute”. Orokorrean, kontsumo inkontzientea eta pasiboa bultzatu eta zabaldu den eremu bezala identifikatzen du zonaldea, eta dauden alternatibak aurkeztea eta ezagutaraztea ere bada ekimenaren helburua: “Denda eta taberna txikiak zerrendatzen ari gara, zer dagoen jakiteko, eta gerora diagnostiko moduko bat egiteko”.
Iraileko lehen hamabostaldian Elikaguneen zerrenda itxita izatea espero dute, eta orduan zabalduko dute Elikalagunek izena emateko aukera. Elikaldiak iraungo dituen egunetarako, gainera, bestelako ekimenak antolatzeko asmoa ere badute: eskolakoekin ekimenak, auzo merkatutxoa, sukaldaritza tailerrak, topaketak… Herritar ahalik eta gehienengana iristea eta horiei baliabideak ematea izanen da helburua: “Honezkero eraldaketa prozesuan dagoenari gehiago sakontzeko balioko dio, eta bestelako ereduak ezagutzen ez zituenari, berriz, horiek ezagutzeko”.