[Urtarrilaren 23an, Durangon (Bizkaia), Topaguneak urte eta erdi iraungo duen hausnarketa abian jarri zuen. Elkarte kideen arteko tailerrez gain lau hitzaldi izan ziren. Imanol Miner Errenteriako (Gipuzkoa) Lau Haizetara euskaldunon elkarteko kideak eskaini zuen horietako bat]
EEak (euskara elkarte eta euskaldunon elkarteek) 25 urtez lanean. Non gaude orain?
Ez gara gure baitakoak: EEok besteen jardunaren orbitan gabiltza, gu autozentratu gabe. Esate baterako, euskaldunari harrotasuna abertzale izateak ematen dio oraindik eta ez euskaraz bizitzeak. Euskaraz bizitzea ez dago harrotasunaren erdigunean. Erdigunean batzokiak daude (kolore politiko guztietakoak) ez hiztunak.
Autoestima lurretik daukagu: Ez dugu gure ahalmenetan sinesten, eta ondorioz, ez dugu berariazko begiradarik gureganatu.
Bigarren mailako herritarrak: Hiztun euskaldunok ukazioa bizi dugu, ez gara inon ageri, ez dugu ahots propiorik eta saiatu garenean isilaraziak izan gara. Herriak, hiritartasunak, lurraldeak… daukate lehentasuna. XXI. mendeko euskaldunok XX. mende hasierako emakumeen egoera bertsua bizi dugu.
Hutsari kolpeka: EEetan (euskalgintzan bezala) herria eta euskara moduko abstrakzioak izan dira erdigune, ez hiztuna. Ez gara gai izan hiztunari bere hizkuntza esperientziaren liseriketa egiteko baliabideak eskaintzeko.
Datozen 25 urteetan
-Hiztuna EEen jardueraren erdigunera ekarri behar da. Ingelesezko empowerment kontzeptuaren haritik, hiztuna begirada berriz jantzi behar da, osatzeko, askatzeko, autodeterminatu, ahaldundu edo jabetzeko eta lan hau EEek beregan hartu behar dute. Jarduera armatuaren desarmea kudeatzea tokatzen omen den garai honetan, hiztun euskaldunari armatzea tokatzen zaio, baina ez teknologia militarrarekin, inteligentzia emozionala, Internet eta gisako beste teknologiekin baizik.
-Hiztuna subjektu politiko-kultural gisa aitortu behar da, hizkuntza komunitatea bera ere mugimendu politiko-kultural gisa berrantolatu, jabetutako hiztunekin artikulazio lanak berrabiatuz. EEak herriko, auzoko, lantokiko euskaldunen elkargune eta ahots artikulatua izan behar du.
-Topagunea: euskaldunon nazio mailako ahotsa artikulatzen hasi behar du komunikazio lan apal baina eraginkorraren bidez.
EEen jardunerako eredu izan daitezke mugimendu feminista eta lesbiana, gay, bisexual eta transen LGBT mugimendua. Esate baterako, mugimendu feministari esker ikasi dugu jabetzea=empowerment kontzeptua eta erabat baliagarria zaigu hizkuntzaren eremuan.