argia.eus
INPRIMATU
Euskara debekatu zuen arbitroaren komunikabideetako adierazpenak gezurtatu dituzte futbol taldeek
  • C.D. Elgoibarko presidente Jon Basurtok eta Idiazabal K.E.ko presidente Matias Aranburuk elkarrekin eskaini dute prentsaurreko agerraldia astearte arratsaldean Elgoibarren. Orain arte esandako guztiak berretsi dituzte. "Guk esandakoa da Idiazabalen gertatu zena", esan dute. Izan ere haserre daude Manuel Sarrion epaileak komunikabideetan eginiko adierazpenekin.

Barren .eus @barreneus 2018ko otsailaren 21a
Jon Basurto eta Matias Aranburu, C.D. Elgoibar eta Idiazabal K.E. futbol taldeetako presidenteak (argazkia: Barren).

"Gure haserrea azaldu nahi dugu Idiazabalen gertatutakoagatik. Idiazabal K.E. eta C.D. Elgoibar bi elkarte eredugarri gara, eta beste ezeren gainetik, kiroltasuna eta jokabide onak sustatzen ditugun bi elkarte gara" esanez hasi dute IMHko gela batean eman duten prentsaurrekoa.

Kiroltasunaren aurkako edozein jokabide gaitzesten eta salatzen dutela azaldu dute bi presidenteek. Joan den zapatuan Idiazabalen gertatutakoaren aurrean, orain arte esandako guztiak berretsi nahi dituztela adierazi dute. "Guk esandakoa izan zen Idiazabalen gertatu zena", esan dute. Era berean, partiduaren ondoren egin dituen adierazpen guztiak atzera botatzeko exijitu diote Manuel Sarrion futbol epaileari. Bi taldeetako presidenteek esan dute ez dutela utziko inork beren "armarriak zikin ditzan".

Jon Basurtok eman dio amaiera agerraldiari honako berbekin: "C.D. Elgoibar etengabe ari da lanean euskara gure eguneroko jardunean egon dadin, eta Idiazabalen gertatutakoak indartu baino ez du egiten gure hizkuntzarekin daukagun lotura eta konpromisoa". 

Manuel Sarrion arbitroak ukatu egin du euskaraz egitea debekatu zienik jokalariei, hainbat komunikabidetan egin dituen adierazpenetan.

Sarrionek ETBri azaldu dionez, azarotik bizi da Gipuzkoan eta ez du euskara ulertzen, eta, horregatik, partidua hasi aurretik taldeetako ordezkariekin biltzen da bere egoera pertsonala zein den azaltzeko. Berari gaztelaniaz hitz egiteko "eskatzen" die, baina partiduan zehar euren artean euskaraz hitz egin dezaketela esaten die.

Gipuzkoako Aldundiaren babesa

Euskara "edozein erasoren aurrean irmo" defendatuko duela ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Idiazabal eta Elgoibarren arteko partiduan arbitroak jokalariei euskaraz berba egitea debekatu izana “oso larria” dela uste du Aldundiak. Hala adierazi du Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak asteartean eman duen prentsaurrekoan. Gertakariak gaitzetsi ditu Lasak. Euskara “ez da Gipuzkoako eta Euskadiko hizkuntza ofizial bat bakarrik, euskal herritar guztien hizkuntza baizik”, gogorarazi du bozeramaileak.

Albiste hau Barren-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.