argia.eus
INPRIMATU
Euskara biziko bada

Belen Urrutia Abio 2022ko maiatzaren 31

Kike Amonarrizek Euskaraldiari buruz emandako hitzaldi batean izan nintzen. Bertan euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldiak jendearengan eragin duen ilusioaz, itxaropenaz, motibazioaz eta ohitura aldaketez eta beste hainbat gauzaz mintzatu zen Amonarriz. Irratian, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak esan du euskararen kale-erabilera egonkortu egin dela edo impasse batean dagoela. Egia esan behar badut ez nau batere harritu.

Izan ere, askotan, euskara dakigunok ez dugu egiten. Duela gutxi taberna batean euskara ikasten hasi berriak diren ikasleekin euskaraz ari nintzela, atzeko mahaian adineko euskaldun emakume kuadrilla bat gaztelaniaz ari zen jo eta fuego. Ikasle batek orduan zera galdetu zidan : "Zergatik, Belen?". Zer erantzun ez nekiela geratu nintzen.

"Euskara biziko bada, Euskaraldia eta joan den maiatzaren 21eko manifestazioa bezalako ekimenak beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoa"

Bestalde, bada jendea euskara ulertzen duena eta hitz egiteko arazoak dituena, lotsa duelako, bere ama-hizkuntzan duen gaitasuna ez duelako, dakigunok haiekin pazientziarik ez dugulako… .

Eta hori gutxi balitz, badaude euskara ikasi eta erabiltzeko beharrik sentitzen ez dutenak. “Zertarako ikasi behar dut nik euskara? Gaztelanaiaz badakit, beraz, ez dut arazorik”.

Argi daukat ,euskara biziko bada, Euskaraldia eta joan den maiatzaren 21eko manifestazioa bezalako ekimenak beharrezkoak direla, baina ez dira nahikoa. Jendeak euskararekiko atxikimendua izan behar du, herri baten altxorra dela sinetsi eta hura erabileraren bidez defendatu. Eta uste dut horretan kale egiten dugula. Oker ibiliko ahal naiz!