Takonerako lorategien inguruan egingo da festa etzi, maiatzaren 19an. Bi gune hartuko ditu: Vista Bella eta Bosquecillo kalea. Aurtengo leloa da Euskaratik guztion eskola sortzen eta, zentzu horretan, euskarak bustiko du jai eguna. Ondorengo lerroetan egunean zehar bertan izango den egitarauaren berri ematen da.
Hasierako ekitaldia 10:45ean izango da Vista Bellan, eta, hortik aurrera, programazio zabala egun osoan zehar. Txikientzako Kiki Koko eta Moko pailazoen haur-ikusizuna izango da, eta Hodei magoak emozioa, barrea, sorpresa eta bestelako sentsazioak ere sorraraziko dizkio eszenatoki nagusira gerturatzen den orori.
Musikak tarte zabala izango du jai egunean. Tafallako Galtzagorriak taldeak bere Basoko ska eskainiko du eguerdi partean. Arratsaldean aldiz, Akiakulek dantzan jarriko gaitu Euskal Herriko zein munduko hainbat dantza-doinu geurera ekarriz. The Sustraians Revuek roksteady eta early reggae erritmoetan murgilduko gaitu kanta ezagunen bertsio euskaratuekin. Eta azkenik, Trikidantz erromeri taldeak amaiera emango dio jaiari bere doinu alai eta dantzagarriekin. Egunean zehar, haurren gozamenerako puzgarriak ere izango dira.
Gurasoek prestatutako tailerrak ere izango dira: txapa tailerra, agenda bat sortzekoa, haize-errota bat egitekoa eta orientazio proba, besteak beste. Gustuko dutenentzat Txalaparta jotzen ikasteko aukera ere egongo da, eta gainera, Saharako kabiak ere bertan izango da egun eder hau gozatzen. Jarduera guztiak doan izango dira.
Jai gunera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin du Sortzenek, eta txirrindulaz gerturatuko direnentzat parkina jarri dute.