argia.eus
INPRIMATU
Euskara ardatz duen hezkuntza sistema

Jexux LarraƱaga Arriola 2023ko azaroaren 20a

Hezkuntzari buruzko legeak hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa bermatu behar badu (B2 maila DBH amaieran) eta behin ikusita indarreko egungo ereduek ezagutza hori bermatzen ez dutela, hainbat ikerketak –doktorego tesiek, hezkuntza txostenek…– erakutsi duten bezala, pentsatzekoa da atzera pauso larria dakarrela lege akordioari emendakina jartzeak ereduen sistema iraunarazteko. Batetik, ez duelako gizarte kohesioaren aurrerabiderik errazten, eta bestetik, hizkuntza plangintza ituntzeko oinarrizko printzipioa alboratu egiten duelako, hots: hezkuntza jauziaren eraldaketa sostengatzen duen marko teorikoari zein ikerketa aurrekariei muzin egiten die. Ereduak iraunarazteko saiakerak ataka estuan jartzen du hizkuntza politika ituntzeko aukera, eta hezkuntzatik hasitako bidearen proiekzio estrategikoa argi ilunez betetzen du.

Hizkuntza ereduen afera argitzeko, kontua da zeri ematen zaion lehentasuna: legeak ezartzen duen ikasleen hizkuntza-ezagutzaren helburuak bermatzeari, edota helburu horiek lortzeko orain dela 40 urte hitzartutako eredu sistema agortuari. Eztabaidak gaia desbideratu baino ez du egiten, ondorioa bistakoa denean: ereduak iraunarazita ez da lortuko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eraginkor eta nahikorik Hezkuntza Legeak aurreikusitako hezkuntza amaierako helburuetan.

Hargatik, legeak ezartzen dituen helburuak erdiesteko bidean, haragoko beste urrats bat ematea beharrezkoa zaigu. Eta hizkuntza uztarketako eredu orokor inklusibo baterako jauzia egiteko premia dago, non ikastetxe bakoitzak, duen testuinguru soziolinguistikoa eta artatzen duen ikasleriaren ezaugarrien arabera, premia gorrienean dagoen hizkuntzaren erabilera indartzeko neurri eraginkorrenak hartu beharko dituen, ikasleriaren eskola ibilbidea zehaztu eta bere euskalduntze ahalmen mugetara iristeko. Tokian tokikoari lotura eginez eta ikastetxez Ikastetxe egin beharreko hezkuntza zereginari jarraiki.

Eskola zeregin horretan ulertzen da Ikastetxeko Hizkuntza proiektuen zentraltasuna eta derrigortasuna Hezkuntza Zerbitzua eskaintzen duten ikastetxe guztientzat. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek, betebehar soziala baitute hizkuntza helburuei dagokienean: helburu horiek erdiestea, euskal hezkuntza sistemaren lehen mailako gizarte erronka da.

Euskara ardatz duen hezkuntza sistema lehenik zehazten da euskara hizkuntza propiotzat aintzat hartzen duen lege hitzarmenean. Hau da, hizkuntza ofizialetako bat hizkuntza propioa da eta gainera diglosia egoeran dago; eta hizkuntza gutxituak bizi duen minorizazio egoerari inguruko hizkuntzen kultur eta hizkuntza aniztasuna gaineratzen zaizkio, eskola testuinguru garaikidea oso egoera konplexuan kokatzen duelarik.

Honezkero esan dezakegu errealitate sozialak egungo ereduen sistema gainditzen duela, eta ereduen sistematik harago, eraldaketa marko teoriko berria zertzen da, hau da: euskara ardatz duen esparru eleaniztuna da hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren XXI. mendeko marko berria. Eta horrek ondorio pedagogikoak ditu ikastetxeko hizkuntzak artatzeko orduan.

Argi adierazita dago, beraz, hiru hizkuntzak direla irakas-hizkuntza, baina euskara dela gure hezkuntza sistemaren hizkuntza nagusia. Horretan datza euskararen ardaztasuna. Haatik, hizkuntza gutxituaren presentzia eta erabilera areagotzeko, hezkuntza-eremu guztiak eta ikaskuntza-baliabide guztiak dira beharrezkoak, egoera zaurgarriagoan aurkitzen den ikastetxe edota ikasleriari euskara gehiago emateko.

Egungo eskolak, hiztun gaituak sortzeko bidean, beharrezkoa du euskararen nagusitasuna izango duen ikas eredu indartua: egungo D ereduak, D eredu indartuak bihurtu; B ereduak, D ereduetara bihurtu; eta A ereduak desagerrarazi. Bide hori hizkuntzen didaktikan eta estrategia soziolinguistikoetan beharrezko aldaketak eraginez egin beharko da, eraldaketa prozesala gauzatuta.

Horrez gain, hiztun gaituak izateko beste alderdi eta gaitasunak gehiago landu beharko dira, bai hizkuntzarekiko jarreran, atxikimenduan, begirunean eta motibazio kulturalean. Jakinda, motibazio kulturala hizkuntza gaitasun osoa bereganatzeko balio motibatzaile nagusietako bat dugula, erreferentziazko mundu kulturala mundu ikuskera baten erregai sinboliko beharrezkoa baita.

Eskola paradigma berriaren diseinuak, gutxienez, hiru alderdi hauek aintzat hartu beharko ditu: bat, berezko hizkuntzaren ezagutza eta gaitasun nahikoa, eroso bizi ahal izateko gutxieneko hizkuntza gaitasuna bermatuta eskola aldiaren amaieran; bi, curriculum berriaren dimentsio kulturalaren garapena eta transmisiorako ahalmena, hizkuntza irakasteaz gain, zentzu mundu bat jariatzeko ahalmena eskolatik ere landuta; eta hiru, arrazoibide soziolinguistikoa lantzea, hizkuntza egoera konplexu batean bizi garenez gero, bertako hizkuntzaren hiztun gisa kokatzeko baliabide nahikoak eskolatik eskainita.

Jexux Larrañaga Arriola