Aurtengo Ziburuko Euskal Liburu eta Diska Azokaren aurkezpenean, irakurketa hau plazaratu dute antolatzaile diren Baltsan elkarteak eta ARGIAk. Baltsan elkartean, maiatzaren 7an.
"Euskarak egiten gaitu herri, eta kulturak herri bizi. Beti izan dira historian euskalgintzan eta herrigintzan engaiatu direnak. Eta ez dira guti izan Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan bide hori hartu dutenak, etenik gabe, mendez mende.
Iparraldeko Eleak Xabier Monasteriok paratu liburua lekuko: mugaz honaindian ekarpen handia egin zaio euskal literaturari (hemen sortu zen) eta, Lapurdin bereziki, literatur tradizio handia izan da. Mendeak zeharkatu dituen euskararen aldeko kate horren katebegi bat baizik ez gara eta guk ere, xumeki, ekarpena egin nahi diogu gure mintzairari.
Arrazoi gehiagoz kontrako haizeek azkarki jotzen gaituzten honetan: ezin delarik Beskoitze batean ikastola bat eraiki, azterketak euskaraz pasatzeari frantses administrazio kolonialak uko egiten diolarik, gu lokarrarazteko euskara perfusio pean atxikitzen dutelarik agoniara ekarri duten horiek berberek, behin eta berriz auzitegiek EAEn euskararen aurkako epaiak hartzen dituztelarik, Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea nafartar guztiei bermatua ez zaielarik eta administrazioan alemanera bezalako hizkuntza jakitea gehiago baloratua delarik bertakoa, euskara, jakitea baino...
Nahi beste luza daiteke zerrenda, baina okerrena da, jokaldia borobiltzeko, itzulipurdi dialektiko batez ikatza zuri bihurtzen dutela euskaraz bizi nahi dugunoi zapaltzaile eta diskriminatzaile izatea leporatuta: eskubidez gabetutako hizkuntza gutxiagotua hizkuntza nagusi kolonizatzaile guztiz ahaldunen diskriminatzaile! Biktima borrero: ausartu behar zen eta ausartu dira!
Euskararen berreskurapenerako eskoletan murgiltze sistema nola (ezagutza hedatzeko), hala ditugu baitezpadakoak jendartean ere murgiltze guneak (erabilpena indartzeko): arnasguneak, beste hizkuntzen interferentziarik gabe euskara nagusi den une eta lekuak, kalitatea sortu eta transmititzen dutenak, euskaraz aritzeko aisetasuna, gogoa eta parada ematen dutenak, hiztun osoak moldatzen laguntzen dutenak haien komunikazio gaitasuna sendotuz.
Xede horrekin sortu genuen Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, gure hizkuntzak aberatsak eta anitzak dituen sorkuntza, literatura eta musikagintza plazaratuta euskara ikasten duen edo dakienari aukera emateko egun oso batez harremanak, elkar trukeak, gogoetak, eztabaidak, ezagutzak euskaraz lasaitasun, normaltasun eta naturaltasunez bizi ahal izateko, deus azaldu, justifikatu edo itzultzera behartua izan gabe, estres linguistikotik urrun, goxo eta atsegin.
Beraz bai, euskara ala ezkara: euskara hutsez bete dezagun plaza!".
"Euskara ala ezkara" lema Gotzon Garate (1934– 2008) idazleak asmatua da eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak bertako Udalarekin urtero euskarari buruzko topaketak antolatzen ditu Garateren omenez lema horren pean. Erabiltzeko baimena eskatu diete, "eta pozik eman digute, haren mezua Euskal Herriko leku gehiagotara hedatzen laguntzen badu", adierazi dute antolatzaileek.