Euskara hutseko liburu eta disko azoka euskaraz “normalki, lasaiki eta naturalki” bizitzeko gunea bilakatu da. Urtez urte ekitaldiak aurrera egiten du eta euskaltzaleentzat ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, azokaren antolatzaileek nabarmendu dutenez. Salmentak handitu egin dira eta bisitarien kopurua 1.100 pertsonan egonkortu dela ere adierazi dute.
Euriak ere ezin izan zuen geldiarazi ekainaren lehen larunbatero egiten den euskara hutsezko liburu eta disko azoka. Ekainaren 1ean, Ziburuko Plazan Euskal Herri osoko idazleak, komiki egileak, artistak eta musikariak bildu ziren euskaltzale eta bisitariekin batera. Baltsan Elkarteak eta ARGIAk antolatutako bosgarren edizioak euskaraz “normalki, lasaiki eta naturalki” bizi ahal izateko azoka izatea lortu du. Baltsan elkarteak “arnasgune” bilakatu dela adierazi du, “hizkuntza diskriminatzaile hegemonikoen interferentziarik eta estres linguistikorik gabekoa”.
Azokara bertaratu ziren bisitariek parte-hartze handia izan zutela baloratu dute antolatzaileek eta egile edo editoreekin hitz egiteko aukera egon dela. Egunean zehar burututako ekitaldiek karpak bete zituzten. “Kalitatezko publikoa eta kalitatezko sorkuntza” izan zela azpimarratu du Baltsan elkarteak eta Bernat Etxepare lizeoko adar profesionaleko ikasleei aipamen berezia egin die, antolatutako tailerraren bitartez adin guztietako pertsonei haiku japoniarren teknika erakutsi zietelako.
Aurtengo edizioan salmentak zeharo handitu dira iazkoekiko, 1.242 liburu saldu dituzte (iaz 1.014) eta 146 disko (iaz 84). 40 argitaletxe bildu ziren Ziburuko Plazan eta 119 berritasun izan ziren erakusmahaietan. Bisitari kopuruari dagokionez, azken urteetako bisitari kopurua 1.100 pertsonan egonkortu egin dela jakinarazi dute antolatzaileek. Azokaren lehen edizioan hamasei argitaletxe eta 400 bat bisitari izan ziren karpa batean eta azken urteetan ekitaldiak plaza osoa hartzea lortu du.
Arrakasta oinarriekiko leial izanda
Euskara hutseko ekoizpenaren azoka izanez, euskara hutsez herriko plaza betez eta Euskal Herri osoari zuzenduz arrakasta izatea lortu du Ziburuko Azokak. Azokaren dinamika auzo herrietara –Azkaine, Donibane Lohizune eta Urruña– zabaldu dute Azokaren aurreko hilabetean Azokaldiari esker. Ekitaldiaren antolatzaileak mugaz gainetik aritu dira lanean eta azken urteetan aurrerapauso handiak lortu dituzte, iaz sortutako Doinuele Sarea –euskara hutseko plazen sarea–, esaterako. Baltsan elkarteak adierazi du azokaren oinarrizko ezaugarriak diren “hurbiltasuna eta goxotasuna” bete direla ekitaldiaren bosgarren edizioan eta eskerrak eman nahi izan dizkie azokaren antolakuntza posible egin duten aktore guztiei. Hurrengo urteko data ere jakinarazi dute: 2025eko ekainaren 7an izango da.