argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaindiaren Hiztegia orain
Andoni Sagarnaren esku
  • Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak egitasmoaren zuzendari izendatu dute Ibon Sarasolak kargua utzi ondoren.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 10
Andoni Sagarna, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendari berria. Argazkia: Euskaltzaindia.net

Sarasolaren ukoa berretsi ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak Sagarna proposatu eta urtarrilaren 31n Bilbon egin zen batzarrean egitasmo berriaren osaera aurkeztu zuten.

Miriam Urkia Hiztegi Batuko lantaldeko buruak eta Jose Antonio Aduriz urgazleak zeregin honetan lagunduko diote Sagarnari. Lantaldeko arduraduna eta aholkularia izango dira hurrenez hurren. Haiekin batera, orain arteko lantaldearen teknikariek ere lanean jarraituko dute: Elizabeth Kruzeta, Ainhoa Otamendi, Ane Loidi eta Gabriel Frailek osatuko dute egitasmoa.

Andoni Sagarna euskaltzain oso izendatu zuten 2006ko abenduaren 22an. Euskaltzaindiko Iker sailburua izan da iaz arte. Hiztegia egitasmoaren zuzendaria izateaz gain,  Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokiaren zuzendaria eta Euskara Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria da. Beste arlo batzuetan ere ibilia izan da donostiarra: Nafarroako Unibertsitateko irakasle lanetan ibili da eta Elkar enpresa-taldeko I+G+B arloko zuzendaria ere izan da.

Informazio gehiago

Argiak elkarrizketa egin zion Sagarnari 2007an.