argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaindiak Paskual Rekalde izendatu du euskaltzain oso
  • Paskual Rekaldek eta Paula Kasaresek beren burua aurkeztu zuten euskaltzain oso izateko. Ostiralean, Rekalderen aldeko hautua egin du akademiak, gehiengo osoz.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 17a
Argazkia: erran.eus

Otsailaren 28an Andres Iñigo emeritu izendatu ostean, beronen lekua beteko zuen hautagaia aukeratu beharrean zegoen Euskaltzaindia. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalduta, euskaltzain oso izateko beren burua aurkeztu zuten Paskual Rekaldek eta Paula Kasaresek. Hautaketa ostiralean egin du Euskaltzaindiak, Bilbon duen egoitzan gauzatutako osoko bilkuran. Gehiengo osoz, Paskual Rekalde (Amaiur, 1963) aukeratu dute euskaltzain oso; zortzi hilabeteko epea du sarrera hitzaldia prestatzeko. Rekalderekin, 93 dira 1918tik euskaltzain oso postua bete duten pertsonak.

EHUko Euskal Filologiako lizentziaduna da Rekalde. Gaur egunean, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea. Orain hogei urte ekin zion Euskaltzaindian bidea egiteari, eta ondoko batzorde eta lantaldetan dihardu: Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika. Hizbea Hizkuntza Kalitatearen Behatokia zerbitzuaz ere bera arduratzen da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2003an, eta 2018tik Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariordea da.