argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaindiak genero markarik ez duten izen batzuk onartu ditu lehen aldiz
  • 2011n ikuspegi binarioan (gizonak eta emakumeak) oinarritutako izendegia argitaratu zuen Euskaltzaindiak. Generorik ez duten euskarazko ehunka izenei izaera aldarazi eta ordutik familia askoren buruhauste eta oztopo bilakatu da sailkapen hori. Kritika andana jaso ostean, Euskaltzaindiak izen mistoei atea ireki die. Momentuz, 4.730 izenetatik 445 genero markarik gabekoen zerrendan agertzen dira.

Axier Lopez @axierL 2019ko ekainaren 14a

Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri dago izendegi eguneratua. Emakumeentzako eta gizonentzako izenez gain, orain genero markarik gabekoen –izen epizenoak– zerrenda ere agertzen da. Momentuz, 445 izen agertzen dira, gehienak toponimiari lotutakoak. Sailkapen horrek momentuz kanpoan uzten ditu oso ohikoak diren genero markarik gabeko izen asko: Lur, Sua, Haizea eta abarrak. Baina aurrekari garrantzitsua da. Izan ere, “izaera irekia izango du izendegi berriak eta aldiro-aldiro gaurkotuko dela” adierazi du Euskaltzaindiak.

Onartu dituzten izen mistoen adibide batzuk eskaini ditu Euskaltzaindiak webgunean: Abodi, Aiuri, Amaiur, Amets, Araitz, Argi, Bihotz, Garai, Gorbeia, Haize, Iparla, Iraultza, Itzel, Kemen, Larraine, Lizar, Luzaide, Muxika, Pallas, Udalatx...

Izendegi sexista, “Espainiako legeriak behartuta”

1957ko Legeak beren-beregi debekatzen ditu Espainiako Estatuan “sexuari buruz okerra eragiten duten izenak”. 44 urte geroago, Ipar zein Hego Euskal Herriko biztanle guztiei eragingo zien izendegi binarioa aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, izen guztiak emakume eta gizonen artean banatuta. Euskaltzaindiaren izendegia da Erregistroetan umeen izenak onartu ala baztertzeko erabiltzen den irizpide nagusia eta horrek arazo eta kalapita asko eragin ditu urteotan. Tartean 2016an Izena eta izana ezbaian liburuxka argitaratu zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak. Urte bereko abuztuan, ARGIAn kaleratu genuen erreportaje baten harira, Euskaltzaindiko kide batek aitortu zuen irizpidea asmatu zutela, eta oso zaila zitzaiela izenetan neska eta mutilen arteko bereizketa egitea: harrapatuta gaude”.

Euskaltzaindiak 2018ko urtarrilean adierazi zion Espainiako Justizia Ministerioari badirela euskaraz genero maskulinoa edo femeninoa era esklusiboan atxikirik ez duten pertsona-izenak, eta, ondorioz, indarrean dauden lege-arauak erregistro zibiletan malguago aplika daitezen eskatu zion.

Gaiari buruz erreportajea eta analisia argitaratu genuen 2016ko uztailean: