argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaindiak Frantziako agintariei eskatu die brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egitea onar dezaten
  • Euskaltzaindiak Baionan otsailaren 3an sinatutako agiria plazaratu du. Euskararen Akademiarentzat, "onartezinak dira, ikasketak euskaraz egiten ari diren ikasleek bi azterketa horiek euskaraz osoki egin ditzaten, Frantziako Administrazioak paratzen dituen trabak". Horren aurrean, Euskaltzaindiak iragarri du gutun bana igorriko diela Ipar Euskal Herriko erakunde adierazgarrienei, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari, eskatuz brebeta eta baxoa euskaraz segurtatzeko urratsak eman ditzaten. Frantziako hizkuntza gutxiagotuetako beste akademia eta erakundeekin elkarlanean arituko dela ere iragarri du Euskaltzaindiak, "Europako erakundeen aitzinean ekimen bateratuak aitzinatzeko xedez". Jarraian, Euskaltzaindiaren adierazpena osorik:

2022ko otsailaren 08a

"Frantziako hezkuntza sisteman ari diren ikasleek bi azterketa adierazgarri gainditu behar izaten dituzte. Batetik, brebeta, kolegioan hondarreko ikasturtea bukatu ostean eta bertzetik, baxoa, hiru urte irauten duen bigarren hezkuntzako zikloa bukatzean, ikasleen ibilbide akademikoa biziki baldintzatzen duen azterketa. Azkena berebizikoa da ikasleentzat, bereziki, goi mailako ikasketak egin nahi dituzten gazteen geroan.

2017. urtera arte, brebeta euskaraz egiteko aukera zuten kolegioko ikasleek. Ordutik aitzina, alta, gibelera egin da, zientziak frantsesez ikastera behartu dituzte-eta ikasleak. Bertzalde, Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin baxoa azterketaren zati bat euskaraz egiteko adostasuna erdietsi bazen ere, adostasun hori bururatzeko urratsik ez da egin. Horiek horrela, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak kezkaz ikusten du gertatzen ari dena.

Euskararen Akademiaren aburuz, onartezinak dira, ikasketak euskaraz egiten ari diren ikasleek bi azterketa horiek euskaraz osoki egin ditzaten, Frantziako Administrazioak paratzen dituen trabak eta, ikasleen aukera berdintasuna urraturik, hondarraldian gibelera egin dituen urratsak. Euskaltzaindiaren iritziz, biziki onartezina da jarrera hori, are onartezinago aniztasuna horrenbeste goraipatzen duen eta, estatuek berezko hizkuntzak babesteko xedez, eginahalak egin ditzaten aldarrikatzen duen Europan.

Afera horretan, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak Frantziako herri-erakundeei eskatzen die brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egiteko engaiamendua hartu eta hori segurtatzeko baliabideak jarri eta urratsak egin ditzaten. Eta ildo horretako ahaleginak egin daitezen, gutun bana igorriko die Ipar Euskal Herriko erakunde adierazgarrienei, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari. Era berean, Euskaltzaindia harremanetan jarriko da Frantzian hizkuntza gutxiagotuen eremuan lanean ari diren gainerako akademia eta antolakundeekin gaia batera aztertu eta Europako erakundeen aitzinean ekimen bateratuak aitzinatzeko xedez".