argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaindiak euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatu du
  • Euskararen Legea aldatzeko eskatu du Euskaltzaindiak eta bat egin du Euskararen Nafar Kontseiluak irailean egindako adierazpenarekin. Gogorarazi du euskararen akademia dela lurralde guztietan, hizkuntzari dagokionez, "instituzio aholku-emaile ofiziala".

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 17a
Euskaltzaindiako ordezkariak Nafarroako Parlamentuan 2019ko ekitaldi batean (argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindia euskararen akademiak bat egin du pasa den irailaren 16an Euskararen Nafarroako Kontseiluak egindako adierazpenarekin eta 1986ko Euskarari buruzko Foru Legea aldatzera "premiatu" du María Chiviteren gobernua.

Akademia kontseilu horretako kide da, beste hainbat eragilerekin batera, eta publiko egindako oharrean gogorarazi du Euskarabidearen kontsulta organoa dela. Gainera, hizkuntzari dagokionez, Euskaltzaindia da "instituzio aholku-emaile ofiziala", azaldu duenez: "Euskaltzaindiaren egitekoak, besteak beste, honako hauek dira: euskara landu, ikertu eta arautzea eta, euskararen estatusari dagokionean, hizkuntza-eskubideak zaintzea eta euskararen erabilera sustatzea".

Hala, irailaren 16ko adierazpena berretsi du akademiak, Euskararen Nafar Kontseiluko bileran egin zuen bezala, "nafar guzien hizkuntza eskubideak babesteko eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea beharrezkoa delakoz".