argia.eus
INPRIMATU
Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio alda ditzake, genero-berdintasuna hobeto islatzeko
  • Abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zenbait zuzenketa aurkeztu ziren, tartean, genero-berdintasunarekin zerikusia dutenak.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 05a
Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura bat iaz, Nafarroako Parlamentuan (argazkia: Nafarroako Legebiltzarra).

Gizartea aldatuz doanez, forma batzuen definizioak ere aldatu egin direla adierazi du Euskaltzaindiak prentsa-ohar baten bidez. Adibidez, "aitaginarreba" hitza lehen "senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat" definitzen zen eta oraingo proposamenean honela izango da: "Ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat".

"Errain" hitzaren definizioan ere, lehen "semearen emaztea" irakur zitekeen eta orain "semearen edo alabaren emaztea" gisa jasotzea proposatu da, gizarte-ereduaren aldaketa hiztegira ekarrita.

Dinastia-kontuetan ere aldaketak

Halako hainbat egokitzapen egin dira familia-loturen aldetik. Horiekin batera, dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketa-proposamenak. Esaterako, "infanta" hitza orain arte "erregearen alaba, erreginagaia ez dena" gisa zegoen jasota eta proposatu da "monarka baten alaba, erreginagaia ez dena" jartzea.

Aldaketa horiek aztertu eta oharreztatu ditu akademiaren batzorde ahaldunduak, eta osoko bilkuran aurkeztu dira. Orain, hilabeteko epea dute euskaltzain osoek zerrenda horiei oharrak egiteko, eta, kontrakorik ez bada, proposamenak ontzat eman eta hiztegian aldatuko dira.

Pertsona-izenei buruzko berririk ez

Oharrean, Euskaltzaindiak ez du argitu antzeko neurririk hartuko ote duen pertsonen izenei dagokienez. Akademiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan, ordu arteko anbiguotasunak ezabatuz.

Erabakiak zeresana eman du azken urteetan, pertsona-izen bakoitza genero bati lotuta uzten duelako, mutil bati Izaro edo neska bati Iraitz izena jartzea, adibidez, asko zailduz. Onintza Irureta Azkunek idatzitako "Gurasoen nahia Euskaltzaindiaren menpe" erreportajean aurkituko duzu gaiari buruzko informazio gehiago.