"[Erlea] aldizkaria banatzen hasi zelarik, balio dituen hamabi euroak ordainduta (12!), gure susmorik okerrenak egiaztatu genituen. Aldizkariaren staffa Bernardo Atxaga bera, Txema Aranaz, Asun Garikano, eta Fernando Reyk osatzen dute; diseinuaren arduraduna Lamia/Pamiela argitaletxea da, banaketarena Pamiela eta inprimaketarena Ona moldiztegia. (...) Inozoa, pentsatu nuen niretzat, hain argia zen adiskidekeria kasuak zalaparta itzela sortuko zuela euskal literaturan eta euskalgintzan oro har. Baina badirudi gure sistemaren estandarizazioak hainbat normaltasun edota normalkeriarekin batera, axolagabekeria, etsipena eta beldurra ekarri duela gurera. Gure Akademiaren [Euskaltzaindia] aldizkari literarioaren ardura argitaletxe bateko akziodun bati uztea eta honek aldizkariaren ardura bere editore, zuzentzaile, banatzaile, inprimatzaile eta itzultzaileari (eta barka honek pertsonalegia ematen badu, ez baita hori asmoa; baina aipatzea merezi duela uste dut: emazteari) uztea salagarria zela uste nuen. Euskal musikarien artean Kepa Junkerari emandako dirulaguntzaren aurrean eman zenaren antzeko erantzunen bat sortuko zela uste nuen. Bistan da ezetz. Ustel usaina dago gure letren errepublika –edo oligarkia?– txikian". (2009-11-11)