Zorpetzea kitatzea asmo, zuntz sarea saltzearen alde agertu da Euskaltelen akzio gehien dauzkan funtsa.
Telekomunikazio eta teknologien sektorean espezializatutako Ingalaterrako funtsa da Zegona Communication. 2017az geroztik Euskaltelen akzioduna da, egun operadorearen akzio gehien dituena, %21,06.
Euskalteleko kontseiluaren %23 kontrolatzen du funts britainiarrak, eta hargatik Euskaltelen erabakietan eragin handia dauka. Aurki proposamena egin du: Euskaltelen kable bidezko sarea saltzea. Zegonaren sortzaile eta ordezko kontseilari Eamoon O`Hare-k mahai-gaineratu zuen aukera, Londresen merkatu analistekin egindako bilkura batean. Proposamenarekin, Euskaltelek dituen zorrak kitatu, errekurtsoak sortu eta hedatze prozesua finantzatuko litzatekeela argudiatu du funtsak.
3,5 milioiren truke, Eusko Jaurlaritzak enpresa eta bulegoentzat jarritako sarea erabiltzen zuen Euskaltelek orain urte batzuk atzera. 2012an, baina, egoera larrian egotera igaro zen kontu pare bat tarteko: bankuei eragiten zien araudi berriak Kutxabank derrigortu zuen Euskalteleko akzio kopurua murriztera; eta Orangeri 22 milioi euro ordaindu beharrean zen, multinazional frantsesaren kontrako epaiketa galdu ostean.
Berriak gogora ekarri duenez, “egoera horretan, eta sare propiorik gabe, zail zen Euskaltelentzat inbertsore berririk topatzea”. Hala bada, orduko hartan lehendakari zen Patxi Lópezek Eusko Jaurlaritzaren sarea erosteko aukera luzatu zion operadoreari, 68 milioi euroko prezioan. Salerosketa berezia izan zela azpimarratu du egunkariak, lehiaketa publikorik egin ez eta Legebiltzarraren onespena baliatu baitzen salerosketarekin aurrera egiteko.