argia.eus
INPRIMATU
Euskaltel: espekulatzeko pizgarriak
  • MasMovil taldearen bidez Euskaltelen lanpostuak suntsitu eta enpresa deslokalizatuko dute. Une hori iristen denean, zeren eta iritsiko da, orduan ere jasoko dute milioi askoko saria bere zuzendariek. Kapitalaren legea da.

Juan Mari Arregi 2021eko apirilaren 08a
(arg.: Euskaltel)

MasMovilek Euskaltel kontrolatzeko operazioa iragarri izanak erreakzio ekonomiko, sozial eta politiko ugari eragin du. Eusko Jaurlaritzarentzat eta EAJrentzat operazio “ona" izan da. Merkataritza Ganberako arduradunentzat ez hainbeste. EAEko legebiltzarreko oposizioko alderdi nagusiarentzat, EH Bildurentzat "espoliazioa” da, eta euskal gizarteko sektore askorentzat "iruzurra”. Zutabe hau sinatzen duenarentzat, biak izan dira operazioa hau: espoliazioa eta iruzurra.Euskaltel sortzeko erabili zen diru publikoa, orain funts putreen zerbitzura jarriko da. Are larriagoa da Eusko Jaurlaritzako arduradunak gezurretan ibili izana: Euskaltelek lurraldean errotuta jarraitzea bermatuko zutela agindu baitzuten.

Hala ere, beste gai bat azpimarratu nahi dugu hemen: Euskalteleko zuzendariek 26 milioi euro pizgarria jasoko dute. Bi ikasgai. Lehena, zuzendariei bultzada eman zaie Euskaltelen etorkizunarekin espekulatzeko. Honenbestez, MasMovil elikatzen duten funts putreen kontrolpean jarri dute. Bigarrena, filosofia kapitalista muturreraino eraman da eragiketa honetan. Zuzendariei espekulatzeko pizgarriak eman dizkieten bitartean, bere langileez ahaztu dira. Funts putreentzat hain karamelu goxoa den enpresaren eraketan zerbait egingo zuten ba langile horiek?

Argi dago. Euskaltelek eta bere arduradun politikoek kapitalismo gordin eta basak esandakoa egiten dute. Zuzendariei pizgarri handiak eman, eta gero, MasMovil taldearen bidez lanpostuak suntsitu eta enpresa deslokalizatuko dute. Une hori iristen denean, zeren eta iritsiko da, orduan ere jasoko dute milioi askoko saria. Kapitalaren legea da.