argia.eus
INPRIMATU
Euskara doan ikasteko proposamena egin dio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari
  • Azterketa gainditzeko beharrik ez izatea eskatu du sektoreak, alegia, doan ikasteko %75eko asistentzia nahikoa izatea.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 05
Helduen euskalduntze sektorea proposamena aurkezten. Argazkia: Kontseilua.

Eusko Jaurlaritzari egindako proposamenean lau ideia nagusi daude. Lehenik, eskatzen dute euskalduntze prozesu osoari laguntzea eta ez soilik erabiltzaileari. Bigarrenik, ikasleek doan ikasi ahal izango dute baldin eta aprobetxamendua bermatuko balitz, hau da, asistentzia %75era iritsiko balitz. Sekula bukatuko ez den euskalduntze prozesua izan ez dadin muga 2.000 ikastordu-kreditutan jartzea proposatzen dute. Hirugarrenik, eskumena Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke, HABEren bidez. Gaur egun, euskara ikasteko beka eta diru-laguntza sistema konplexua da. Esan nahi da ez dagoela batasunik eta udal, foru aldundi eta Eusko Jaurlaritza mailako diru-laguntzak daude. Bakoitzak bere irizpideak ditu. Lasai asko gerta daiteke udalerri batean doan ikasteko aukera izatea eta beste herri batean ez. Laugarrenik, sektoreak inbertsio ekonomiko egokiak eskatu ditu eta inbertsio horren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak egin beharko lukeela dio.

EAJ eta PSE-EE alderdien gobernu itunean doakotasuna jasota dago. Jaurlaritzak esana du 1.250.000 euro bideratuko dituela zeregin horretara. Jaurlaritzak eta sektoreak jarritako irizpideen artean badira bi diferentzia nabarmen. Jaurlaritzak doan ikastea B2 maila lortu arte proposatzen du eta beti ere azterketa gainditzen baldin badu ikasleak. Sektoreak maila guztietara zabaltzea eskatzen du eta azterketa gainditu baino aprobetxamenduari lotzea.

Proposamena Kontseiluko eragileek (AEK, IKA, Maizpide, Urrats eta Hitzez euskaltegiak) eta beste hainbatek egin dute: Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde.