Hiru urteko bizitzaren ondoren eginikoaren balantzea egin du elkarteak. Etorkizunera begira helburuak ere jarri ditu, “Errigora joateko, Errigora izateko ordua” dela aldarrikatuz.
2012an hasiera eman zutenetik eginiko ekintza desberdinen ondorioak atera dituzte. 200 herritara iristen den #Euskararipuzka ekimenaren balantzea egin dute. 12.000 saski baino gehiago banatzen dituzte produktu desberdinekin eta 2014. eta 2015. urteetan 160.000€ inguruko ekarpena egitera iritsi dira.
#Eskutikeskura ekimena ere 70 herritara zabaldu da, olio bidoiak eta kontserba loteen salmentak eginez. Bi bide hauetatik udazkenean produktuen ezagutza indartuko du eta euskarari ekarpen ekonomikoa egin nahi dio erakundeak.
Eginiko diru ekarpenak gorantz egin dute urtetik urtera. Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari 500.000€-ko ekarpena egin dio eta eskualdeko ekoizpenari bi milioi ingurukoa.
Etorkizunera begira, #Euskararipuzka eta #Eskutikeskura kanpainak hobetu nahi dituzte, formula aldaketak bideratuz. Horiez gain, #Merkatuberria ekimena abiatuko du Errigorak, kanpainaz kanpo denda, jantoki eta elkarteak saretzeko asmoarekin.
Produktu agroekologikoen aldeko apustua egin nahi du eta produktu berrien ekoizpena sustatu: lekale, zereal… Horretarako 30 ekoizle biltzera heltzea da helburua.
Euskararen esparruan diru ekarpenak milioi bat eurotara iristea aurreikusten dute. Heldu eta haurren euskalduntzeaz gain, eremu berriak euskalduntzeko bidea jorratzeko. Ekoizleen artean ere euskararen presentzia areagotu nahi dute. Elkarlanaren eta auzolanaren beharra azpimarratu dute helburuak lortzeko bidean.
Hemen Errigorak dituen helburuak azaltzeko eginiko aurkezpen bideoa: